"Oso martxa onean doa" pentsiodunen mugimenduaren sinadura bilketa

Noaua Aldizkaria 2025ko ots. 25a, 11:12

Usurbilen ere hainbat sinadura bildu dituzte dagoeneko. Ostiral honetan, otsailaren 28an segiko dute atxikimenduak biltzen Sutegi atarian.

Herri Ekimen Legegile (HEL) bat ari dira sustatzen Euskal Herriko Pentsiodunen Mugimendua, "Pentsioak Osatzeko Euskal Sistema bat ezartzeko" eta horren baitan, "14 ordainsaritan 1.080 euroko gutxieneko pentsioa, lege bihur dadin". Ekimen hau babesteko sinadurak biltzen ari dira herriz herri, tartean, Usurbilen.

"50.000 sinadura baino gehiago bildu dira dagoeneko. Horrek agerian uzten du Herri Ekimen Legegile honek duen gizarte-babesa, zeinaren helburua den Autonomia Erkidegoan gutxieneko pentsioak osatzea, Lanbide Arteko Gutxieneko Soldatarekin parekatu arte, 1.184 euro 14 ordainsaritan 2025erako, hain zuzen", nabarmendu dute aipatu pentsiodunen mugimendutik.

Izatez urte amaieran, abenduaren 24an ekin zioten sinadura bilketari apirilaren 24ra arte emango diote segida. Jasotzen ari diren babesa ikusita, "HEL honek duen erritmoak eta onarpen sozialak pentsarazten digu bilduko dugun sinadura kopurua oso garrantzitsua izango dela; beraz, lortutako sinaduren eta hurrengo asteetan egingo diren urrats eta ekimenen datuak ematen joango gara", iragarri dute Euskal Herriko Pentsiodunen Mugimendutik.

Momentuz, ostiral honetan bertan, otsailaren 28an, berriz jarriko du aipatu mugimenduko herri ordezkaritzak sinadurak jasotzeko mahaia Sutegi atarian, iluntzean, 19:30-21:00 artean. Martxoan zehar ere hainbat egunetan atxikimendu bilketarekin jarraituko dutela berri eman diote NOAUA!ri.

Soldata Berdintasunaren Eguna
Iragan larunbatean izan zen. "Emakume batek gizon batek bezala kobratzeko doan lan egiten duen egun kopurua" irudikatzen du otsailaren 22ko Soldata Berdintasunaren Egunak. Gogora ekarri nahi izan du Euskal Herriko Pentsiodunen Mugimenduak. Hortik urteotan hainbestetan aipatzen den soldata-arrakala. "Estatistikako Institutu Nazionalaren (INE) soldata-egiturari buruzko inkestak bildutako 2022ko datuen arabera, arrakala urtean 5.780 eurokoa zen EAEn, gizonen alde".

Arazo hau egiturazkoa dela oroitarazi du pentsiodunen mugimenduak. "Gizonen eta emakumeen arteko desberdintasun-sistema historiko baten emaitza da eta sistema horrek emakumeei esleitzen dizkie zaintza-lanak. Horregatik, pentsioen arteko aldea %30etik gorakoa da EAEn. Argi dago emakumeak direla zaintza-lanak uztartzeko kontratu partzialak eta okerren ordaindutako lanak egin behar izan dituztenak".

Bidegabekeria hau konpontzeko baliatu nahi du aipatu herri mugimenduak Herri Ekimen Legegilea, "Eusko Legebiltzarrak gutxieneko pentsioak osa ditzan, Lanbide Arteko Gutxieneko Soldatarekin parekatu arte. Gure kalkuluen arabera, ekimen honekin 66.000 emakumeek jasoko lukete beren pentsioa Lanbide Arteko Gutxieneko Soldatarekin parekatzeko behar den osagarria".