Usurbilgo jaiak

Herriko festak antolatzen segitzeko bigarren bilkura gaur

Noaua Aldizkaria 2025ko ots. 26a, 11:45

Usurbilgo festen egunak finkatu osteko lehen bilkuraren ondotik, egun bakoitzeko ekitaldien eskaintza definitzeari ekingo diote jai batzordeak asteazken honetarako antolaturiko bigarren saioan.

Bigarrenez bilduko da asteazken honetan, otsailaren 26an, Usurbilgo jai batzordea, herriko festen antolaketa lanei segida emateko. Arratsaldeko 17:30etarako finkatu dute bilera Potxoenean. Ohi bezala, bilkura hauek irekiak daude, herriko jaien antolakuntza lanetan parte hartu nahi izan edo ekarpenik egin nahi duen norbanako nahiz eragile ororentzat. Batzorde horretan hartzen dira Usurbilgo jaiei lotutako erabaki guztiak.

Uztailaren 1etik 6ra
Gaurkoan bigarrenez bilduko da jai batzordea. Izan ere, gogoan izan, estreinako bilera otsailaren 13an egin zuten. Urtero bezala, hartzen duten lehen erabakia festen iraupenarena da; noiz hasi eta noiz bukatuko diren herriko festak, zenbat jaiegun izango dituzten Santixabelek.

Urte batzuetan lehenago hasi eta amaitzen dira, beste urte batzuetan geroago. Uztailaren 2a (udalerri mailako jaieguna) Santixabel eguna noiz egokitzen den, horrek baldintzatu ohi du jaiak noiz hasi eta noiz amaitzen diren herri honetan.

2025eko egutegiari erreparatzen diogu uztailaren 2a asteazkenez egokituko da. Beraz, zalantza zen, aurreko urteen ildotik, ekaineko azken asteburuan hasi eta uztailaren 2 horretan amaituko ote ziren festak edota Santixabel bezperan hasi eta uztaileko lehen asteburuan bukatuko ote ziren.

2025eko Usurbilgo jaiak uztailaren 1ean hasi eta 6an amaitzea hobetsi du jai batzordeak.

Ekintzen definizio lana
Jabetuko zineten moduan, aurtengoan, beraz, sei jaiegun izango dituzte Santixabelek. Aurreko edizioetan, bost izaten ziren festa egunak. Honenbestez, egun bat gehiago izango du 2025eko edizioak. Horregatik, jai batzordetik aurreratu dutenez, ekintzak egunotan zehar dosifikatu asmo dituzte.

Horixe da hain zuzen, urtero moduan, eman asmo duten hurrengo urratsa; egun bakoitzean zer ekitaldi txertatu erabakitzea. Horretarako, gaurko bilerarako festen antolakuntzan ekarpenik egin nahi duenari ekintza proposamenak aurkezteko deia egin zaio.