Usurbilgo Udalak berak zabaldutako ondoko irudietan argi ikus daiteke, azkenaldian kaltetu dituzten bi eremu; Agerialdeko frontoia batetik, DYAk Munalurran duen egoitzan Udalak zabalik duen ikasgela bestetik.
Udarregi ikastolaren HH eta LH-ren eraikinaren pareko frontoiari dagokionean, bitan sutea eragin dute, aste gutxiko tartean. "Agerialdeko frontoian gertatu da: sute txiki bat eragin, kalteak konpondu, eta, denbora gutxira, berriz ere gertaera bera" bizpahiru asteko tartean, Udaletik berri eman dutenez. "Halako jarrerak tokiz kanpo daude gure herrian", salatu du Udalak.
Antzeko salaketa plazaratu behar izan du berriz. Izan ere, oraingoan, DYAk Munalurran duen egoitzan Udalak egokitua duen ikasgela kaltetu dute. "Munalurrako ikasketa gelan kalteak eragin ditu baten batek: pareta eta lurra zulatzeaz gainera, atea behartzen saiatu dira". Kasu honetan, berriz ere salatu behar izan dutenez, "halako jokaerak onartezinak dira: denon ardura da udal-ekipamenduak zaintzea".
DYAren egoitzako ikasgela iraunkorki zabalik
Gogoan izan, urriaren 15az geroztik, iraunkorki zabalik dago ikasgela hori. Ordura arte azterketa garaietan baino ez zen egoten zabalik. Ordutik aurrera, etenik gabe urte osoan zehar irekita dago Usurbilgo Udalak DYAk Munalurran duen egoitzako hamasei lagunentzako ikasgela; astelehenetik igandera, 8:00-22:00 artean.
Finkoa da ordutegia, gunea ordea behin-behinekoa. Erabaki hau herritarrek Udalari eginiko eskaeren harira hartu zuten, lokala utzia zion DYArekin adostu ostean. “Dena den, DYAk bere erabilerarako gela propio bat izaten jarraituko du bertan, eta gainerako espazioa ikasgelak hartuko du”, ohartarazi zuten Udaletik.
Gogoan izan, Sutegin badela ikasteko espazioa baina desegokitzat jo izan dute hainbat erabiltzaileek. “Arazo hori bideratzeko proiektua idatzia du udalak, eta bitan argitaratu du lizitazioa: bi aldietan, ordea, hutsik gelditu da. Hala, ikasgela egoki baten beharrak bultzatuta, orain arte DYAk erabiltzen duen lokala urtean bitan behin-behineko ikasgela gisa eskaini izan da, eta, aurrerantzean, modu iraunkorrean erabili ahal izango da”.