"Oldarraldiz beteriko garai hauetan" kaleak hartu eta aliantzak eraikitzen jarraitzeko deia egin du Euskal Herriko Mugimendu Feministak, Martxoaren 8ari begira eginiko agerraldian. "Elkartu gaitezen, saretu gaitezen herriz herri. Batu ditzagun indarrak herri eta jendarte feminista bat eraikitzera bidean", egin du dei aipatu mugimenduak.
Iazko Martxoaren 8tik testuingurua ez dela asko aldatu nabarmendu dute. "Desberdinkeriek bere horretan diraute". Horrez gain, "zapalkuntza mekanismo forma berriak agertu dira, botere erlazio forma konplexuak agertu zaizkigu eta ezin dugu dena dikotomia sinpleetan ulertu".
Hala dio Euskal Herriko Mugimendu Feministak plazaraturiko adierazpenean. Segidan duzue:
[M8] Emakume* Langileon Nazioarteko eguna
Iaz, "gure bizitzekin negoziorik ez! ¡Haceos cargo ya!" lelopean atera ginen kalera, lehen Greba Feminista Orokorra egin eta hiru hilabetetara. Euskal Herriko Mugimendu Feminista geroz eta indartsuago eta artikulatuago dagoela erakutsiz, zaintza sistema publiko eta komunitarioaren alde. Testuingurua ez da askorik aldatu. Desberdinkeriek bere horretan diraute. Zapalkuntza mekanismo forma berriak agertu dira, botere erlazio forma konplexuak agertu zaizkigu eta ezin dugu dena dikotomia sinpleetan ulertu.
Eskuin muturraren, faxismoaren eta jarrera erreakzionarioen gorakada ikus dezakegu hainbat esparru eta sektoreetan; sare sozialetan, prentsan, kalean, diskurtsoetan, proposamen politikoetan... Ez da soilik urrutiko zerbait, eskuinetik datorrena ez da mugimendu estanko bat.
Ezkerreko sektore batzuetan ikusten ditugu feminismoarekiko kontrakotasuna edota diskurtso arrazisten gorakada. Aipaturiko guztiak emakume*, trans eta bolleron zapalkuntza eragiten du batez ere, sistema zisheteropatriarkal kapitalista kolonial eta arrazistaren sostengurako ezinbesteko harreman eta ideiak sortzen eta hedatzen dituztelarik. Horregatik diogu, egun, feminismoekin posizionatzeko ausardia aldarrikatzen dugula, norbere erosotasunetik ateratzeko aldarri gisa eta erresistentzia eta ofentsibarako lubaki gisa.
Feminismoa ezkerreko borroken erdigunera ekarri behar dugu, feminismo antiarrazista, antikolonialista, antikapitalista eta antiklasista. Feminismoa baita eraldaketarako proposamen integralak egiteko ezinbesteko mugimendua.
Hainbat ardatz eta alorretan mekanismo ezberdinen bitartez, askotariko zapalkuntza eta esplotazio egoerak jasan behar ditugu gure gorputz eta lurraldeetan.
Horregatik, indarkeria matxista, egun bizi dugun krisi ekosoziala, eta hirugarrenik, sistema arrazista eta koloniala sostengatzen duten migrazio politikak salatu nahi ditugu.
Martxoaren 8 honetan ere, elkartasuna adierazi nahi diegu erresistentzian dabiltzan kideei. Euskal Herritik besarkada bana eta gure babes osoa; Palestina, Sahara, Kurdistan…
Beraz, har ditzagun kaleak eta segi dezagun aliantzak eraikitzen oldarraldiz beteriko garai hauetan. Elkartu gaitezen, saretu gaitezen herriz herri. Batu ditzagun indarrak herri eta jendarte feminista bat eraikitzera bidean.
FAXISMOAREN KONTRA, AUSARDIA ETA ALIANTZA FEMINISTAK!