Nortzuk ziren galdezka aritu da herrikide bat baino gehiago. Asteazken buruzuri bat izateko ohi baino jende gehiago ibili da herri erdigunean barrena gaurkoan eta jakinmina piztu du. Izan ere, ehunetik gora bisitariri egin die harrera Usurbilek.
Miranda Ebrotik etorri dira autobusez egunpasa gure artera. 36.000 biztanle pasatxo dituen Burgosko udalerri horretako Aquende pertsona nagusien artean kultura sustatzen diharduen helduen zentroko kideak dira bisitan izan ditugunak. NOAUA!ri azaldu diotenez, helduei zuzenduriko ekintza eskaintza zabala dute bertan, urritik ekainera luzatzen duten ikasturtean. "Denetarik egiten dugu; saloi dantzak, zumba, pilates, hipopresiboak, informatika, sukaldaritza, eskulanak... ".
Kultur sorkuntzarekiko harridura
Tarteka, txangoak egiten dituzte; ikasturte amaieran bidaia (aurten Frantzia aldera doaz bost egunerako maiatzean) edota hiruhilero egunpasa bana. Haietako bat inguruotako sagardotegi batera bisitan etortzeko ohitura dute. Iaz Tolosa ezagutu zuten, aurtengo egunpasarako Usurbil hautatu dute. Udaletxera deitu zuten herria ezagutu nahi zutela adierazteko. Horren harira, 650 Usurbil Bizi herri egitasmoko bisita gidatua kontratatu dute.
Talde txikietan, goizean zehar, aipatu herri egitasmoko giden eskutik, herri erdigunean dugun kultur sorkuntza ezagutzeko aukera izan dute, baita Salbatore elizako ondarea ere. Herriaz deskubritutakoa zer iruditu zaien galdetuta, honatx erantzun digutena. "Hain eremu txikian, eskaintza artistiko eta kultural asko duzue". Jose Luis Zumetaren murala, elizako organoa edota Askatasuna plazako Karlos Zabalaren figurak nabarmendu dituzte. Arreta deitu die herria zer garbi eta zer modernizatua dagoen. Izan ere, Usurbilgo herri ondarea ezagutzeko ibilbideetako gune nagusietan QR kodeak egotea txalotu dute.
Jakinmina
Herri honek zer erakutsi ba ote duen galdetuta, zalantzarik gabe, baiezko borobila eman digute eta biziki eskertu dute, gainera, haientzat ezezaguna zen udalerri hau deskubritzen laguntzeko bisita gidatu hau antolatu izana. Izan ere, sagardotegira joateko antolatu ohi duten txangoan, aldez aurretik gune hau kokatua dagoen herria ezagutzea gustuko izaten dute. "Sagardotegira joateko plana soilik egingo balitz, askok ez lukete izena emango".
Zonaldea ezagutzea gustuko dute, bertako berri izatea, ahal dela giden eskutik. Gaurkoan hala izan da. Oso gustura agurtu ditugu eguerdian, eguraldi ederra bidelagun izan dutela nabarmenduz. Aginagako Urdairara bazkaltzera zihoazen. Aurretik, albiste honi atxikitako talde argazkia atera diegu, haiek hautatua zuten Jose Luis Zumetaren muralaren parean, Mikel Laboa plazan.