Sagardoaren lurralde honetan barneratu eta kultura horri buruzko ezagutzan sakontzeko aukera ederra eskainiko du aurrerantzean 650 Usurbil Bizi herri egitasmoak. Izan ere, "Usurbilgo Sagardo Kultura" izeneko ibilbide berria txertatu du lehendik zuen eskaintza zabalean. Sagastietatik sagardorako ekoizpen prozesua bistaratzen duen txangoan parte hartzeko aukera ematen hasia da herri proiektu hau. Lehen taldearekin estreinakoz igandean egin zuten irteera hau.
NOAUA! K.E.-ren egoitza ondoko Sagardoaren plazatik abiatu ziren. Oinez Egiluze baserrirantz jo zuten, Aranerreka ondoko parke berritik. Bertakoen eskutik sagardoaren ekoizpena ezagutu eta etxeko sagardoa dastatzeko aukera izan zuten. Sagastien bidetik barrena, Usurbilgo panoramika ezin ederragoaz gozatzeko aukera ematen duen herri-bidetik beherantz, Aranerrakara jaitsi eta Saizar sagardotegian amaitu zuten ibilbidea.
Han ere sagardoaren ekoizpen prozesuari buruzko hainbat xehetasun jaso, eta nola ez, goiza edari preziatua dastatuz amaitu zuten parte hartzaileek.
Bisita gidatu berri hau, tarteka berriz antolatu asmo dute 650 Usurbil Bizi herri egitasmotik. Animatzen zaretenontzat, hurrengo ibilaldia martxoaren 23rako antolatu dute.
Usurbilgo Sagardo Kultura
Eguna: martxoak 23, igandea.
Ordua: 10:00-13:00.
Zehaztasunak: "Usurbilek historia izugarria du sagardoaren inguruan: ontzigintza, sagastiak, eta abar. Paisaian ikusi eta sumatu daiteke historia hori oraindik ere. Batetik 6 sagardotegi dituelako. 6 sagardotegi desberdin, istorio eta izaera desberdinekin. Bestalde etxean sagardoa egiten duten baserriak daude, historia eta orainaldia uztartzeaz gain, bestelako ikuspegi eta balioak ere gehitzen dizkigutelarik. Bisita gidatu honetan sagardoaren historia eta edari honen ingurukoak (sagastiak, sagarrak,…) azalduko ditugu. Sagastietan barrena ibiltzen garen bitartean Usurbilgo sagardo kultura ezagutuko dugu. Geldialdi berezia izango dugu, gainera, Egiluze baserriko tolarea ikusiko dugu. Bisitaren bukaeran sagardoa dastatuko dugu. Hiru orduko ibilbidea izango da gutxi gorabehera menditik barrena, 5 kilometro egingo ditugu guztira, beraz oinetako egokia ekartzea beharrezkoa da. Ezin da txakurrekin etorri ibilbidean abereak daudelako".
Informazio gehiago eta izen-ematea: 650usurbilbizi.eus