Emakume konposatzaileen obrak plazaratuko dituzue.
Musikenen ikasi nuen kantuko gradua eta orain masterra egiten ari naiz. Arlo batean eta bestearen artean, hirugarren aldia da Eresbiletik pasatzen naizena, Euskal Musikaren Artxibotik. Errenteriko artxibategi horretan musikarekin lotutako denetariko dokumentazioa dago. Aldi bakoitzean, zerbait ezberdina egon naiz aztertzen. Azken aldiz joan nintzenean, ikasturte honen hasieran, María Luisa Ozaitaren lanekin egin nuen topo. 1939an Barakaldon jaiotako emakume bat izan zen. Bisitako irakasleak emakume garrantzitsua izan zela jakinarazi zidan; Real Sociedad Vascongada y Amigos del Pais-eko kide izan zen eta Espainiako lehen elkartea sortu zuen emakume musikariak biltzen zituena. Konposatzailea, abesbatza zuzendaria, pianojolea... denetik egiten zuen, eta dena ondo. Musikarekiko berebiziko grina zuen; Gerra Zibilaren ondoren jaiota, oso aurreratua zen. Bere artxiboan bila ibilita, partitura pila bat aurkitu genituen, eskuz egindakoak eta editatu gabe. Interesgarria iruditu zitzaidan horrekin zerbait egitea, eta Eresbileko zuzendariarekin hitz eginda, emakume dezente zeudela kontatu zidan, konposatzaileak. San Sebastian egunez, artxibora bueltatu eta programa prestatzen hasi nintzen abesbatzarekin abesteko. María Luisa Ozaita, Nekane Lasarte, María Begoña Díez Azpeitia, Eva Ugalde, Inge Conde... horien lanak eta moldaketak bildu ditugu programatxo bat egiteko haur, nerabe zein helduekin. Hiru abesbatzek hartuko dute parte eta lehen zatian kantu modernoko ikasleek ere parte hartuko dute. Eurek ere emakumeek idatzitako musika abestuko dute.
Emakume musikariei egindako omenaldia izango da, beraz.
Sorginaren figura hori goraipatu nahi genuen, sorgin sortzaile ikuspegitik ulertuta. Abesti modernoetan kantautore ugari dauzkagu egun: Izaro, Idoia Asurmendi, Adele, Amy Winehouse... beste asko daude ustez emakumeen sorkuntzak direnak, emakumeek abesten dituztelako, baina gizonen sorkuntzak direnak, eta alderantziz. Estatu Batuetako gaur egungo hit asko emakumeek idatziak dira. Idatzi eta enkantera eramaten dituzte abeslari handientzat. Sia abeslariak hori egiten zuen, eta orain jauzia egin du kantautore izatera.
Programaz gozatzeko zita Kalezarko ermitan izango da.
Martxoaren 5ean, arratsaldeko 7etan, Kalezarko ermita txikian izango da kontzertua, Zaharren Egoitzaren aurrean dagoen ermitatxo horretan. Ordubete inguruko saioa izango da. Kantu modernoko 10 bat ikasle eta hiru abesbatzarekin osatuko dugu kontzertua. Esan beharra dago lotsatuta jabetu garela orain arteko gure errepertorioan emakume bakar baten lanik ere ez geneukala. Abesti guztiak berri-berriak izango dira. Asmoa da gure ohiko errepertoriora batzuk gehitzea, eta halako kontzertuak errepikatzea. Animatu!