Inauteriak

Ikastetxeak mozorro festan murgiltzen lehenak

Noaua Aldizkaria 2025ko ots. 28a, 06:39

Belaunaldi gazteenaren eskutik murgilduko gara inauterietan ostiral honetan bertan, otsailaren 28an.

Izan ere, ikastetxeek ere inauteriekin bat egingo dute jaialdi horrekin otsailaren 28an.

Zubietako eskolan, bazkalostean kalejira egingo dute herri erdigunean barrena. Udarregi ikastolakoak goizean hasiko dira girotze lanetan. HH-koek dantza saioa eskainiko dute Mikel Laboa plazan. Segidan, desfilatzera irtengo dira LH eta DBH-koak. Horren amaieran, DBH-koek dantza ikuskizuna eskainiko dute Oiardo kiroldegian. Haien lekukoa hartuko dute LH-koek toki berean, bazkalostean.

Kiroldegiko emanaldiotarako zenbait ohar plazaratu ditu Udarregi ikastolak. Batetik, ikusleak kiroldegiko zelai aldetik sartuko dira. Sarrera ikuskizun bakoitza baino hogei minutu lehenago irekiko dute. DBH-ko ikuskizunerako sarrera librea izango da. Aldiz, arratsaldeko LH-koen emanaldira joateko "ikasle bakoitzari, ikastolan bertan txartel bana eman zaio". 55 sarrera soberan geratu ziren iragan astean. Galdetegi bidez senideei eskuratzeko aukera eman zitzaien. Agortuak daude jada.

Azkenik, Aginagako eskolan aurtengoan ez dute inauterietako emanaldirik antolatuko. Izan ere, eskola horretatik berri eman dutenez, ostegunean, otsailaren 27an, zuten ospakizun hau egiteko asmoa. Aldiz, urtarrilaren 22an eta 23an egin bezalaxe, hilaren 26a eta 27a, ELA, LAB, STEILAS eta CCOO sindikatuek lan-baldintzak hobetzea eskatzeko deitutako greba egunak izango dira hezkuntza publikoan. Ondorioz, "aurten, inauteri emanaldia bertan behera geratu da, hezkuntza publikoko langileak grebara deituak daudelako".

Inauteriak ikastetxeetan
Aginagako eskola
Hezkuntza publikoko greba egunak tarteko, ospakizunik ez dute egingo.

Zubietako eskola
Otsailak 28, ostirala
15:30 Eskolan hasi eta frontoi edo plaza inguruan amaituko den kalejira Zubietako herri erdigunean barrena.

Udarregi ikastola
Otsailak 28, ostirala
10:30 HHko dantza saioa Mikel Laboa plazan. Euria bada, ikastolako frontoian egingo dute.
11:00 DBHko eta LHko desfilea kaleetan zehar.
11:45 DBHko dantza ikuskizuna kiroldegian.
15:30 LHko dantza ikuskizuna kiroldegian.
Oharrak:
-Kiroldegiko zelaiaren kanpo aldetik sartuko dira ikusleak.
-DBHko ikuskizunerako sarrera librea izango da, aforoa bete arte. Arratsaldeko LHko ikuskizunerako, aldiz, LHko ikasle bakoitzari, ikastolan bertan txartel bana eman zaio.