Inauteriak

Abesti arrakastatsuenen dantzaleku Udarregiko DBH-koen emanaldia

Noaua Aldizkaria 2025ko ots. 28a, 14:43

Hamarkadotan ezagun askoak egin diren abestien erritmora eskaini dute inauterietako dantza ikuskizuna Udarregi ikastolako DBH ziklokoek.

Nostalgikoentzat emanaldi ezin aproposagoaren lekuko izan gara ostiral goiz honetan, otsailaren 28an Oiardo kiroldegian. Hogeigarren mendean ezagun eginiko hainbat abesti ekarri dizkigu gogora, dantzarako gogoa piztearekin batera. Udarregi ikastolako DBH ziklokoek eskainitako inauterietako emanaldiaz ari gara. Igarotako aurreko hamarkadak izan dituzte hizpide, aurtengo ikuskizunean.

Albiste honi atxikitako bideoan ikusi eta entzun ahalko duzuen moduan, guztion oroimenean ezinhobeto iltzatuak dauden Euskal Herriko nahiz nazioarteko kanta hainbat "berpiztu" dituzte (inoiz ahantziak izan ez diren arren) mozorro jaialdiko ikuskizun honetarako. 12-16 urte arteko gazteek haien erritmora dantza egin dute, urtero moduan, maisuki egin ere. Abilezia ezinhobea agertu dute, kiroldegiko harmailak goraino bete dituzten senide eta lagunen aurrean. Maisuak aipatuta, irakasleak ere show erraldoi honetara batu dira dantzan.