Jaiak, ehiza garaia, Martxoaren 8a, gabonak, urteko lau urtaroak... Urteari, denborari, hamabi hilabeteei gorazarre egin die ostiral bazkaloste honetan, otsailaren 28an, Udarregi ikastolako LH ziklokoek inauterietako emanaldian.
Besteak beste, euskal abesti ezagun hainbaten erritmora, naturaren, bizitzaren ziklo ezberdinak irudikatu eta antzeztu dituzte 6-12 urte arteko haur eta gazteek Oiardo kiroldegian eskainitako saioan.
"Hilak bizirik" izenburua jarri diote emanaldiari. Ikasturte bakoitzeko ikasleek bina hilabete hartu eta haietako bakoitzean adierazgarriak diren ezaugarri hainbatekin agertu dira kiroldegiko pistara. "Guk oso ondo pasa dugu asko ikasiz jaialdi hau prestatzen. Ea zuek ere ondo pasatzen duzuen. Gora gure inauteriak!", aldarrikatu dute.