"Urdeeeeee!" oihuka gehien entzundako izena izan zen, Orbeldi dantza taldeak herri eragile gehiagorekin ostiral iluntzean antolaturiko herri kalejiran. Iaz hasi ziren tokiko inauterien aldeko apustua egiten, aurreko edizioetan euskal inauteriak Usurbila ekartzen aritu ostean.
Beste urrats bat eman dute aurtengoan; istorioa, pertsonaiak sortu eta elkarlana ardatz hartuta antzeztu, dantzatu edota abestu diote "Urderen etorrerari".
Ikusmina eragin zuen Usurbilgo inauterien protagonistak ostiral iluntzean estreinakoz egindako herri kalejira honetan. Abiapuntutik bertatik, Agerialdetik Urderi deiadarka aritu ziren txikienak. Ikastetxeko leihotik agerpen txiki bat egin zuen, baina berehala ezkutatu zen.
Herri kalejirak Munalurra, Aranerrekako parkea, Txirikorda edota Kalezar zeharkatu behar izan zituen, herri erdigunean berriz agertzeko. Ezustean azaldu zen, herria xaxatzeko prest. Herri kalejiran eginiko azken metroetako irudiak dituzue segidan.