Andatzatik etorritako Urde, haren laguntzaile adarjotzaileak, Aranerrekako lamiak, Txokoaldetik eta Aginagatik etorritako anguleroak, herrira ordena ekartzeko ardura zuten Kalezarko harrapariak eta azkenik, zakuak, herritarrak batu zituzten estreinakoz ostiral iluntzean ospaturiko Usurbilgo inauteriek.
Herritar andanak bat egin zuen Orbeldik herri eragile gehiagorekin batera (Zumarte Musika Eskola, Usurbilgo Euskal Kantu Taldea, Ziortza Gazte Elkartea, Txirikorda eta Belmonte Auzo Elkartea) antolaturiko herri kalejiran parte hartzeko eginiko deialdiak.
Bidelagun ilara luze batek bizi izan zituen estreinakoz tokiko, bertako inauteriak. Usurbildik usurbildarrentzat prestaturiko herri kalejira formatuko jaialdia Agerialden hasi eta Mikel Laboa plazan amaitu zuten. Zumarteko musikariak eta adarjotzaileak lagun izan zituzten bidean, kantu taldekoen emanaldiaz, Ixabel Agirresaroberen Urderen kondairaz, Aranerrekako lamien dantzaldiaz... gozatu ahal izan zuten ibilbideko hainbat geltokietan; Agerialden bertan, Aranerrekako parkean, belaunaldiarteko etxebizitza komunitarioak biltzen dituen Txirikordan, Kalezarko plazan edota Mikel Laboa plazan.
Herri kalejira horren hainbat irudi dituzue segidan.