Superheroiak elkartzera deituak zituen NOAUA! Kultur Elkarteak larunbat honetarako, martxoaren lehenerako. Hitzordua jarri eta agertu dira haietako hainbat eguerdi parte honetan. Superbotereen arteko norgehiagoka zirudien herri erdiguneak.
Hamabietan oraindik erdi hutsik zen inguru hau. Orduerdiko tartean jendetza agertu da, mozorro koloretsuak soinean; besteak beste, marrazki bizidun, komiki eta antzekotan ezagunak egin zaizkigun superwoman eta supermanak, batwoman eta batmanak, Amerika Kapitain koadrila, ninja dortokak, "powe rangers"-ak...
Hurbilagoko erreferenteak ere azaleratu dituzte inauteriok; "putakumiena". Ez gabiltza oker. Izan ere, Euskal Telebistako Wazemank umorezko saio mitikoak ezagun egindako "putakumia" superheroia ere Usurbilgo plazaraino ekarri du; bat ez, gainera, mordoxka bat. Koadrila bat baino gehiago mozorro berarekin murgildu dira gaurko jaialdian. Haiekin ziren baita "Kaltzoimanak", kapa eta guzti. Izan ere, maskarekin batera, aurtengoan, kapak nonahi ikusi ahal izan ditugu.
Pertsonaia ezagunen bisita
Belaunaldi oso baten oroimenean bizirik izango den ETB-ren beste saio baterako bazkidetza tramitatzen izan dira Superbat klubekoak. Gu zaintzen gaituztenak, zaintzaileei ere gorazarre egin dienik izan da; larrialdiak artatzeko prest ziren medikuak zaurituekin. Haien beharra bazen, "supererori" bat baino gehiago zegoen eta inguruan.
Osasun zerbitzuetan txikienei irri eginarazten dieten pailazo solidarioak ere aurkitu ditugu; "Algaraklown, Ospitaleko Pailazoak". Pailazoak izan dira baita koadrila hainbaten mozorro.
Atzoko eta gaurko pertsonaiak ere erakarri ditu gaurko jaialdiak; esaterako, plaza berean aurkitu ditugu hainbat Frida Kahlo, Bob Marley eta handik metro gutxira... Donald Trump bera! Gertuagoko erreferenteak, Jose Angel Iribar bera omendu nahi izan duenik ere izan da.
Bistan denez, sormenari gogotik eman diote usurbildarrek aurtengoan ere. Eguerditik bertatik, giro hotz baina eguzkitsua lagun, festa giroan murgildu dira ehunka lagun.