Inauteriak

Koadrila mitikoen itzulera, "karteristak", "furgofarra", edota gune solidarioa inauteriotan

Noaua Aldizkaria 2025ko mar. 1a, 16:18

Karroza ugari eta pertsonaia biziberritu bat baino gehiago elkartu ditu gaurko inauteri festak.

Mozorroek, mozorrotuek hartu dute "superheroien" inauteri festa egun hau Usurbilen. Baina herri sortzailea izanik, jantzi hauek biziberritu dituzte herritarrek. Irudiotan, besteak beste, mozorro kontuetan aitzindari den herriko koarila mitikoenetako bat duzue; gaurkotasun handiko jantziekin itzuli dena gaurko inauterietara. Halaxe da bai, AEB-tako presidente Donald Trump Usurbilen izan da, etenik gabe dekretuak sinatu eta sinatu aritu da, nahi zuen orori muga-zergak ezartzen. Badaezpada ere, ondo baino hobeto babestua agertu da herri erdigunera.

Karroza bat baino gehiago gurutzatu ditu bidean. Izan ere, azken urteotan ugaritzen doaz, mozorrotuek kalean gora eta behera baliatzen dituzten tramankuluok. Hala, gosez edo egarriz zenak "Furgofarran" mokadutxoa dastatzeko aukera izan du, dantza egin nahi zuenak beste hainbat karrozetako musikaz girotu eta haien erritmora gerri-buelta mugiarazteko aukera izan du.

Euskalgintzari keinu egin nahi izan dionik ere izan da;  "Korrika, euskera. Betirako" aldarridun pankarta eta guzti plazaratu du talde bat. Zarauzko Salbatore Mitxelena ikastolak jasota isuna ordaintzen laguntzeko elkartasun txokoa ere jarri dute gaztetxo batzuk.

Aldarrikapenak eta festak bat eginik gaurkoan ere.