Lanengatik herriko bideak izan ditugu azken orduotan albiste. Hauei beste bat erantsi behar diogu oraingoan, oso bestelako kontuengatik. Izan ere, istripu larri jazo berri da astelehen eguerdi honetan , ia ordubietan N634 errepidean, Bizkarre ondoan. Aginagako noranzkoan, Bizkarreko zubira heldu aurretik kamioi baten eta txirrindulari baten arteko istripua gertatu berri da. Istripu larria, Eusko Jaurlaritzaren Trafiko Zuzendaritzatik baieztatu duten moduan. Albiste honi atxikitako argazkian ikus dezakezuen moduan, bertan izan dira larrialdi zerbitzuak. Ez dute, ordea, ezer egiterik izan. Txirrindularia bertan hil da. "Bertara hurbildu den medikuak bere heriotza ziurtatu baino ezin izan du egin, alferrikakoak izan baitira bizia salbatzeko egindako ahalegin guztiak", Ertzaintzak berri eman duenez.
Istripuaren harira, ikerketa abiarazi du Ertzaintzak, istripuaren nondik norakoak argitzeko.
Ezbeharrak eragozpenak sortu ditu aipatu N634 errepidean. Bizkarre inguruan Aginagara alderako erreia itxi dute ezbeharra izandako zonaldean. Txikierdi alderakoa zabalik da. Ibilgailuen joan etorria kudeatzen ari dira Ertzaintza.
Gogoan izan, N634 errepidea albiste dugula gaur ere, Aginaga eta Orio artean erabat itxita egongo delako egunotan, 9:00-17:00 artean, Gipuzkoako Foru Aldundiak zuhaitzak inausi eta mozteko egingo dituen lanak tarteko.