Tolosaldeako Lanbide Heziketako zuzendaria da atzoko istripuan hildako txirrindularia

Noaua Aldizkaria 2025ko mar. 4a, 13:38

Argazkia: Tolosaldeako Ataria.

Iñaki Paz Arsuaga 53 urteko Ibarrako bizilaguna da atzo istripuz Usurbilen hildakoa.

Ezbehar latza bizi izan zen Usurbilen atzokoan. Arratsaldeko ordubiak inguruan, kamioi batek txirrindulari bat harrapatu zuen N634 errepidean Bizkarreko zubitik gertu, Aginagarako noranzkoan. Larrialdi zerbitzuak ahalik eta lasterren bertaratu arren, ez zuten ezer egiterik izan. Txirrindularia istripuaren lekuan eta unean bertan hil zen. Ertzaintzak ikerketa abiarazi zuen momentu horretan bertan, istripuaren nondik norakoak argitzeko. Orduak eman zituzten ezbeharraren lekuan bertan.

Azken orduotan jakin denez, hildakoa Iñaki Paz Arsuaga da, Tolosaldea Lanbide Heziketako Ikastetxe Integratuko zuzendaria. Samina eragin du Ibarrako 53 urteko gizonezkoaren heriotzak, bereziki inauteri giro betean den eskualde horretan.

Zuzendari zuen Lanbide Heziketa Institututik hala mintzatu dira sare sozialen bidez. "Eragin, eragin eta eragin, Pakea. Gelditu gabe, nekatu gabe, indarrez eta arnas luzeko erreleboetan. Bizikleta gainean bezala hezkuntzan. Eragin, eragin eta eragin. Zein ederra izan den zurekin taldean joatea, lanbidean eta bizitzan zure gurpilean bidea egiea, zu ezagutzea eta zu maitatzea. Beti aurrera, kemenez, abiapuntua zein zen jakinda, norabidea eta jomuga garbi izanda. Haizea edo euria, ordeka edo malda, beti aurrera, eta zure eskutik aurrera zurekin eta zure ondoan joan garenak ere. Akuilu izanez eta aldi berean gurdiari tiraka.

Tolosaldea Lanbide Heziketako Institutuko talde honen burua, zuzendaria, liderra, beti eragin, eragin eta eragin. Pedalei eraginez kateari eragin, katearekin eskuak zikintzeko beldurrik gabe, katebegi guztiak zainduz, liderra eta lagun on-ona izanez... Izerdi asko bidean, Pakea, barre asko bidean, malko asko, baina beti pedalei eragin, eragin eta eragin. Eragiteko ahalmen izugarria zenuelako izan duzu halako eragina gu guztiongan. Horregatik maite zaitugu hainbeste taldekide guztiok, eta, horregatik, denbora beharko badugu ere, zure eraginaren bultzadarekin jarraituko dugu aurrera".

Usurbilgo alkate Agurtzane Solaberrieta Mesak doluminak helarazi dizkie senideei. Ildo beretik mintzatu da baita Usurbilgo Lanbide Eskola. "Usurbilgo Lanbide Eskolako komunitate osoaren partez doluminik sentikorrenak Tolosako Lanbide Eskolako familia, lankide eta talde osoarentzat. Proiektu askotan bidelagun eta lankide ezinhobea. Lurrak goxo har zaitzala lagun!".

Gauza bera egin du baita Tolosako alkate Andu Martinez de Rituertok. Sare sozialen bidez oso hunkituta agertu da. "Hautsita nago. Askotan tokatu zait Iñakirekin hartu emana izatea, hezkuntza, kirola, seme-alabak... Langile fina eta konprometitua, ilusioa zabaltzen jaioa. Besarkadarik xamurrena etxekoentzat. Lurra arin bekizu lagun".

Eusko Jaurlaritzaren Hezkuntza Sailburu Begoña Pedrosak ere gogoan hartu nahi izan du hildakoa. "Iñaki Pakearen heriotzak bereziki hunkitu gaitu. Hezkuntzarekin zuen konpromisoak eta Tolosaldeako Lanbide Eskolan egindako lanak aztarna ezabaezina uzten dute bera ezagutu eta berarekin lan egiteko zortea izan dutenengan. Familiari, lagunei eta lankideei, gure besarkadarik sentituena bidaltzen dizuegu une zail hauetan. Bere ondareak bizirik jarraituko du hezkuntza-komunitatean. Gure doluminik zintzoena".

STOP Bide Indarkeria, Bide Segurtasunaren Defentsarako Euskal Elkartetik ere doluminak helarazi dizkiote txirrindulariari hurbilekoei. Izan ere, ezbehar honek berriz ere mintzagai bilakatu du bide segurtasunaren gaia eta errepide sareko txirrindulari zein ibilgailuen arteko elkarbizitza.

"Ez dugu hitzik une honetan sentitzen duguna adierazteko"
Ibarrako Lauburu Kirol Elkarteak ere bere samina adierazi du. "Berri latz honek jipoitu gintuen atzokoan eta hitzik gabe utzi Lauburu osatzen dugun pertsona guztiak". Elkarte honek goraipatu duenez, "klubeko jokalari ohi eta Adur eta Oihan jokalarien aita izateaz gain, Lauburu modu batera edo bestera laguntzen saiatu den lagun on eta pertsona handi bat joan zaigu ondotik. Ez dugu hitzik une honetan sentitzen duguna adierazteko. MINA. Min handia".

Senide eta hurbilekoei ere "gure atsekabe eta doluminik sentikorrena helarazi nahi diegu. Une gogor hauetan zuen ondoan eta zuen esanetara izango gaituzuela jakin ezazue, edozertarako. Mina arintzeko formularik ez dugu, baina nahigabean laguntzeko prest gaituzue".