Euskal Herriko Mus Federazioak antolaturiko txapelketa nazionalaren lehen fasea amaitu da. Iragan azarotik herriz herriko saioak jokatu dira. Azkenak iragan igandean, martxoaren 2an izan ziren; haietako saio bat Usurbilen.
Herri bakoitzetik hainbat bikote sailkatu dira herrialdeetako finalerako; Usurbilgo kasuan hiru, martxoaren 22an izango den Gipuzkoa mailako txapelketarako. Itsasondon lehiatuko dira Gipuzkoako udalerrietako saioetan nagusituriko bikoteak. Hitzordu honetan nabarmendutakoak, aldiz, Euskal Herriko final nazionalerako sailkatuko dira. Segidan dituzue hurrengo faseei lotutako xehetasunak eta Usurbilgo txapelketan nagusituriko hiru bikoteen izen-abizenak.
220 herrietan
Euskal Herri osoko muslariak bildu eta antolatzeko borondatetik sortu zuten Euskal Herriko Mus Federazioa eta bilgune hori da txapelketa nazional hau bideratzen duena. "Zazpi herrialdetako muszale eta muslariez osatzen da eta gure herriak bizi duen zatiketa administratiboaz gaindik, nazio bakar gisa antolatu eta garatzen dugu gure jarduna eta aldi berean nazio kontzientzia indartu. Musean jokatzeko dauden modu eta ohitura ezberdinei lekua eskaintzen diegu herrietako kanporaketetan eta ondoren, guztientzako joko arau eta irizpideak bateratu eta bat eginik antolatzen dugu Euskal Herri osoko txapelketa".
Euskal Herriko 220 bat herrietara hedatzen da lehiaketa hau. 4.000 pertsonek parte hartu ohi dute.
Euskal Herriko 16. Mus Txapelketa
Martxoak 2, igandea
Usurbilgo kanporaketa:
Partaideak: 19.
Sailkatuak: 3.
1-Justo Pulido-Andoni Aizpeolea
2-Xabat Beloki-Julen Berradre.
3-Ibai Esoain-Jon Ubegun.
Martxoak 22, larunbata
Zazpi herrialdeetako finalak; Gipuzkoakoa, 15:30etan Itsasondoko plazako frontoian.
Apirilak 5, larunbata
Finala Araban: Zigoitiako Gopegin.
50.000 euro baino gehiago sarietan:
-Txapeldunak: txapela, garaikurra, 3.000€ eta nazioartera* bidaia lau lagunentzat. (*KARIBERA dena barne).
-Txapeldunordeak: garaikurra, 1.500€ eta bi lagunentzat nazioartera* bidaia. (*KARIBERA dena barne)
-3. bikote sailkatua: 750€ eta asteburuko egonaldia lau lagunentzat
-4. bikote sailkatua: 500€ eta euskaraz ikasteko urte osorako bi matrikula.
-5.etik 8.era sailkaturiko bikoteentzat 250€.
-9.etik 16.era sailkaturiko bikoteentzat 100€.
-Herrialdeko finaletan: txapelak, garaikurrak, asteburuko egonaldiak, bazkari eta afariak...
-Parte hartzaile bakoitzarentzat kamiseta bat parte hartzea eskertzeko.
Informazio gehiago: ehmus.eus