Ikastaro gehiago asteotan

Noaua Aldizkaria 2025ko mar. 5a, 08:09

Kantu ikastaroa
Usurbilgo Euskal Kantu Taldeak ikasturte berria abian du urtarrilaz geroztik. Ikastaroko saioak astelehenero izaten dituzte 18:00etan Agerialdeko musika gelan. Hileroko kantu-jira prestatzen dute bertan. Gogoan izan, otsailekoa berezia izan zen Sopela Kantari eta Kilometrokantu Basauri kantu taldeak izan zituzten bidelagun. Larunbatean izan beharrean, igandez irten ziren kalez kale kantuan. Gauza bera egingo dute baita martxoan ere. Hilabeteko azken larunbatean ez, oraingoan ere azken iganderako iragarri dute kantu-jira; martxoaren 30ean, 12:00etan abiatuko da Mikel Laboa plazatik.

KzGuneko hurrengo ikastaroak
Martxoan goizez irekiko dute, 9:00-13:00 artean. Honatx aste horietan izango den ikastaroen berri:
-Martxoak 12-13, 09:00-11:00 “Editatu bideoak zure smartphonearekin”.
-Martxoak 14-18, 09:00-11:00 “LibreOffice Impress. Zure aurkezpenak sortu”.
-Martxoak 19-28, 09:00-11:00 “Eman lehenengo pausoak argazki ukituan GIMPekin”.
Informazio gehiagorako:
Kale Nagusia, 37
943 023 684
tutor.usurbil@kzgunea.net

Sorospen ikastaroa
'Lehen sorospenak haurtzaroan' izeneko ikastaroa iragarri dute Bihurri ludotekako partaideek. DYAko kideek eskainiko dute eta martxoko azken bi larunbatetan batuko dira Potxoenean.
Martxoaren 16a baino lehen eman behar da izena.

Istripuak ekidin, lehen sorospenak modu egokian eskaini... Ez da txantxetako kontua, are gutxiago, haurtzaroan. Oinarrizko ezagutzak ikasteko helburuarekin antolatu dute ikastaro hau. Izen-ematea zabalik dago. Dena den, kontuan izan plazak mugatuak direla (gehienez ere 30 pertsonentzako tokia egongo da).

Teoria
Martxoak 22, larunbata.
Ordutegia: 10:00-12:00.
Aztergaiak: Larrialdi batean zer egin: BAS (Babestu-Abisatu-Sorostu). Ohiko larrialdien aurreko jokabidea: zauriak, odoljario larriak, erredurak, gorputz arrotzak, traumatismoak...

Praktika
Martxoak 29, larunbata.
Ordutegia: 10:00-12:00.
Aztergaiak:
• Alboko segurtasun jarrera.
• Arnas bidearen irekiera (Heimlich).
• Bihotz biriken suspertzea eta kanpoko desfibrilagailu erdi automatikoaren erabilera.

Izen-ematea
Ikastaroan izena emateko epea martxoaren 16a baino lehen amaituko da. Gogoan izan plaza kopurua mugatua dela. Interesa duenak e-posta helbide honetara idatzi behar du:
bihurriludoteka@gmail.com