Martxoaren 10etik aurrera

Errigoraren udaberriko kanpaina abiatzear

Noaua Aldizkaria 2025ko mar. 6a, 10:22

"Beste modura, denona da onura" aldarripean abiatzear du Errigorak udaberri parteko kanpaina.

Abiatzear da, Errigoraren urte garai honetako “Nafar hegoaldeko uzta eskutik eskura” kanpaina. Nafarroa erdialdean eta hegoaldean ekoitzitako “oliba-olio birjina estra, kontserbak, arroza, pasta, lekaleak eta ardo loteak euskaraz etiketatuta eta ekoizlearen jatorrizko prezioan” eskuratzeko aukera izango da hurrengo astelehenetik, martxoaren 10etik aurrera.

Argibide gisa, olioa bost litroko bidoietan eskuratu ahalko da, kontserbak hamabi ontziko sortetan, “planteamendua urte osorako beste eskatzea da eta”. Izan ere, udaberri parteko kanpaina hau, “eguneroko kontsumo ohituretan eragiteko jaio zen”.

Ordainketari dagokionean, Errigoratik jakinarazi dutenez, “online eginez gero, bi zatitan ordaintzeko aukera izango duzu. Bestela, dena batera ordain dezakezu, eskudirutan, produktuak jasotzerakoan”.

Errigoraren udaberriko kanpaina
Eskaintza:
ardo bereziak eta gorenak, dilistak, arroza, zainzuriak, orburuak, barazkiak, babarrunak, zainzuriak, piperrak, kardua, tomatea, potxak, menestra, arbendolak, pasta, oliba-olioa.
Eskaerak egiteko modua: errigora.eus atarian edo NOAUA! Kultur Elkartearen egoitzan.
Eskaerak egiteko epealdia: martxoak 10-26.
Produktuen banaketa: maiatzak 6-7 inguruan.
Informazio gehiago: errigora.eus