"Turuleka Oiloa" filma proiektatuko dute etzi haurrentzat

Noaua Aldizkaria 2025ko mar. 7a, 08:14

Igande honetan, martxoaren 9an proiektatuko dute Usurbilgo Udalak Ziortza Gazte Elkartekoen laguntzaz, hilabete honi dagokion haurrei zuzenduriko euskarazko zine zikloko hurrengo filma.

Amaitzen ari da negua eta, harekin, azaroaz geroztik urtero Usurbilgo Udalak Ziortza Gazte Elkartearekin batera antolatu ohi duen garai honetako haurrentzako euskarazko zine zikloa. Etzi, hilaren 9an, "Turuleka Oiloa" izeneko ikus-entzunezkoa proiektatuko dute, ohi bezala, arratsaldeko 17:00etan Sutegiko auditorioan. Emanaldirako sarrerak 3,5 eurotan eskuratu ahalko dira aurrez usurbilkultura.eus plataforman.

"Oso oilo berezia da"
Marrazki bizidunetako film onenaren Goya Saria jasoa du 80 minutuko iraupena izan eta Eduardo Gondellek eta Victor Monigotek zuzenduriko lan honek.

Hemen filmaren aurrerapena, baita albiste honi atxikitako bideoan ere: "Turuleka oso oilo berezia da. Itxura xelebrea duelako eta arrautzarik errun ezin duelako, beste oiloek barre eta iseka egiten diote... harik eta, halako batean, Ixabelek, musika andereño erretiratu batek, bere baserrira eramaten duen arte, berekin bizitzera. Han, adiskidetasun giroan eta zoriontsu, oiloak bere dohain ezkutua aurkituko du: Turu-k hitz egin dezake! Eta badaki abesten ere, izugarri ondo gainera!

Gure laguntxoa, bere musikarako dohain zoragarriari esker, Daedalus zirku handiko izar bihurtuko da. Bidaia ez da batere erraza izango, ordea, Damian Maltzur gaiztoak beretzat hartu nahi baititu zirkua... eta Turuleka harrigarria".