Martxoak 8

Martxoaren 8rako erakunde adierazpena onartu du Udalak

Noaua Aldizkaria 2025ko mar. 7a, 10:21

Martxoaren 8ko Emakumeen Nazioarteko Egunaren harira, Euskadiko Udalen Elkartearen (EUDEL) adierazpena onartu zuen udalbatzak aho batez pasa den otsailaren 27ko osoko bilkuran.

Testu honek bat egiten du duela 30 urte Beijingen egindako emakumeari buruzko mundu mailako laugarren konferentzian adosturiko adierazpenarekin eta "Ekintza Plataforma adopzioaren 30. urteurreneko ospakizunarekin". Urteurren horren harira, adierazpenak dioenez, "aurrerapauso garrantzitsuak eman dira, baina bilakaera desorekatua izan da eta oraindik munduko herrialde bakar batek ere ez du lortu emakumeen eta gizonen arteko genero-berdintasuna".

Horregatik, testu hau babesturiko udalek "genero-berdintasunaren lorpena bizkortzeko mundu-mugimenduarekin bat egin dute, emakumeen eta nesken ahalduntzearen eta emakumeen eskubideen defentsaren aldeko apustua eginez".

Ondorioz, "tokiko eremutik arlo kritiko globaletan aurrera egiten laguntzeko" hainbat konpromiso berretsi ditu Udalak adierazpen honen bidez: sustapen-egiturak baliabide eta langile nahikoz hornitzea; emakumeen elkartegintza eta elkarte feministak sustatzea; tokiko gobernuetan emakumeek eta gizonek berdintasunez parte hartzeko eta eragiteko errazten dituzten baldintzak sortzeko akordioak hartzea; tokiko arreta- eta koordinazio-protokoloak eguneratzea indarkeria matxistaren biktimak eta bizirauleak onbideratzeko; "herritarren artean, indarkeria matxistari aurre egiteko programak garatzea, gizonak eta mutikoak bereziki mugiaraziz"; zainketen ekonomia eraldatzeko tokiko prozesuak abian jartzea, ikuspegi feministatik; edota berdintasunaren eta indarkeria matxistaren aurkako borrokari buruzko tokiko ekintza-planetan jasotako agenda feministen gaineko kontuak ematea, aldian-aldian.


Beijingo Adierazpenaren eta Ekintza Plataformaren 30.urteurrena; hiru hamarkada berdintasunaren bidean
2025eko martxoaren 8a, Emakumeen Nazioarteko Eguna dela eta, Beijingo Adierazpena eta Ekintza Plataforma adopzioaren 30. urteurreneko ospakizunarekin bat egin nahi dugu. 1995ean Beijingen egin zen Emakumeari buruzko IV. Mundu Konferentzian adostutako akordioek genero-berdintasuna, emakume eta neska guztien ahalduntzea eta giza eskubideak gauzatzeko munduko ibilbide-orria abian jarri zuten.

Ibilitako azken 3 hamarkadetan aurrerapauso garrantzitsuak eman dira, baina bilakaera desorekatua izan da eta oraindik munduko herrialde bakar batek ere ez du lortu emakumeen eta gizonen arteko genero-berdintasuna. Hala eta guztiz ere, berdintasun-indizeek aurrerapena nabarmena izan dela erakusten dute, berdintasun-politiken araudi- eta erakunde-garapena eta mugimendu feministaren bultzada iraunkorra bateratu diren testuinguruetan.

30. urteurren horrek konpromisoak eta borondateak berritzeko aukera ematen digu, Beijingen adostutako berdintasunaren helburuak lortzeko, beharrezkoak diren baliabideak bideratuz, erronkei eta oraindik dirauten oztopoei aurre egiteko.

Euskal erakundeek eta, bereziki, tokiko gobernuek, 30 urte hauetan metatutako ebidentzia dute, eta horrek agenda feminista globalean oinarritutako berdintasun-politiken bermatu eta legitimatu egin du.

Euskal udalek genero-berdintasunaren lorpena bizkortzeko mundu-mugimenduarekin bat egin dute, emakumeen eta nesken ahalduntzearen eta emakumeen eskubideen defentsaren aldeko apustua eginez. Tokiko eremutik arlo kritiko globaletan aurrera egiten laguntzeko, Usurbilgo Udala ondorengo konpromisoetan berresten da:
•Sustapen-egiturak baliabide eta langile nahikoz hornitzea, berdintasunerako eta indarkeria matxistaren aurkako borrokari buruzko politikak garatzeko, Berdintasunerako Politika Publikoen Kalitate-Estandarren arabera.
•Emakumeen elkartegintza eta elkarte feministak sustatzea, horien bidez, berdintasun politika publikoetan, emakumeak solaskideak izan daitezen eta eragin dezaten.
•Tokiko gobernuetan emakumeek eta gizonek berdintasunez parte hartzeko eta eragiteko errazten dituzten baldintzak sortzeko akordioak hartzea.
•Tokiko arreta- eta koordinazio-protokoloak eguneratzea, emakumeen aurkako indarkeria matxistaren biktimak eta bizirauleak onbideratzeko.
•Herritarren artean, indarkeria matxistari aurre egiteko programak garatzea, gizonak eta mutikoak bereziki mugiaraziz.
•Zainketen ekonomia eraldatzeko tokiko prozesuak abian jartzea, ikuspegi feministatik.
•Berdintasunaren eta indarkeria matxistaren aurkako borrokari buruzko tokiko ekintza-planetan jasotako agenda feministen gaineko kontuak ematea, aldian-aldian.