N634

Aste hasierako istripua salatzeko mobilizazioa larunbatean

Noaua Aldizkaria 2025ko mar. 7a, 06:39

Larunbat goizeko 11:45ean, Atxega jauregi kanpoaldean mobilizatzera deitu dute, txirrindulari baten heriotza eragin duen azken istripua salatu eta txirrindulariekiko errespetua galdegiteko.

Gogoan izango duzue; aste hasieran istripuz hil zen txirrindulari bat N634 errepidean Bizkarreko zubi ondoan. Astelehen arratsaldeko 14:00ak jotzear zirela, kamioi batek bizikletan zihoan Tolosaldea Lanbide Heziketako Ikastetxe Integratuko zuzendari Iñaki Paz Arsuaga harrapatu zuen. Larrialdi zerbitzuak berehala bertaratu arren, ez zuten ezer egiterik izan. Ibarrako txirrindularia istripu lekuan bertan zendu zen. Ertzaintzak gertaera honen nondik norakoak argitzeko ikerketa abiarazi zuen berehala.

Ezbehar horren harira, mobilizatzeko deia egin berri dute larunbat honetan, martxoaren 8an, goizeko 11:45ean Atxega jauregiaren kanpoaldean, "Nahikoa da! Errespetatu txirrindulariak" aldarripean.

Mobilizazio hau iragartzeko kartelean ohartarazi dutenez, ekimena istripu hau eta beste hainbat gertatu ohi diren N634 errepidera zabaldu asmo dute. Izan ere, "bizikletaz egingo da 150 metroko ibilbidea". Gaineratu dutenez, "oinez egiteko aukera ere egongo da".