Haizeagatik abisu horian larunbat iluntzera arte

Noaua Aldizkaria 2025ko mar. 7a, 07:03

Egunotan bezalaxe, haizeagatik berriz ere abisu horian izango gara ostiral arratsaldeko 18:00etan hasi eta larunbat iluntzeko 21:00ak arte.

Egun haizetsuek ez dute etenik izango momentuz. Euskalmet meteorologia agentziak ohartarazi duenez, abisu horian segiko dugu larunbat iluntzera arte. Zehazkiago esanda, haizeagatik izango gara abisu horretan ostiral arratsalde honetan, 18:00etan hasi eta larunbat iluntzeko 21:00ak arte.

Haizeguneetan, hego-ekialdeko 100 kilometro ordutik gorako haize-boladak izan ditzakegu, "bereziki ekialdeko mendi inguruetan; 80 kilometro ordutik gorakoak haizeguneak ez diren tokietan, "bereziki ekialdean, non 90 kilometro ordutik gorako abiadura gaindi dezaketen".

Larunbat iluntzera arte jarraituko dugu tankera beretsuan, nahiz Euskalmet-ek ohartarazi duenez, bihar arratsaldean, 110 kilometro ordutik gorako haize-boladak izan daitezkeen haizeguneetan, bereziki ekialdeko mendi inguruetan.

Asteburu haizetsua
Usurbilen, honenbestez, astebururako eguraldi iragarpen hau egin dute. Hasteko, gaur, martxoak 7, "hodeiak eta ostarteak. Hego/hego-ekialdeko haizea bizi ibiliko da, bolada gogorrekin. Tenperatura gutxi igoko da".

Larunbatean, "zerua hodeitsu edo oso hodeitsu egongo da eta arratsaldearen amaieran eta gauean zaparrada batzuk botako ditu. Hego-ekialdeko haize zakarra ibiliko da, bolada oso gogorrekin. Tenperaturan aldaketarik ez".

Igandean, "zerua tarteka hodeitsu egongo da. Hego-haizea ibiliko da, bolada gogorrekin. Tenperatura minimoak nahikoa jaitsiko dira, maximoetan aldaketarik ez edo gutxi jaitsiko dira".

Informazio eguneratua, euskalmet.eus bidez jaso dezakezue.