Nahita hautatu dute prentsaurrekoaren kokagunea. Izan ere, Usurbila bizitzera datorrenarentzat udaletxea izan ohi da lehen harrera gunea. Udalak berak abian duen harrera zerbitzua ikusgarri egin du sarreran kokatua duen ondoko irudiko panelaren bidez. Bertan, herrikide berriei ongi etorria ematearekin batera, haientzat "lagungarriak izango diren baliabide eta proiektuen" berri ematen da eskuorrien bidez.
Proiektuoz mintzatu da gaurko agerraldian hain zuzen, Usurbilgo alkate Agurtzane Solaberrieta Mesa. Harrera herri izateko urteak daramatza Udalak norabide horretan lanean, gogorarazi duen moduan, "Usurbil geroz eta anitzagoa den herri bat" baita. Errolda datuak kontuan izanda, "azken urteetan izugarri ugaritu da beste herrialdeetatik gurera etorritako herritarren kopurua. Beraz, gure herrian, jatorri, kultura, hizkuntza, erlijio eta, orohar, identitate aniztasun handia dago". Horregatik zioenez, "aniztasun hori ondo kudeatzea bada erronka handi bat gure herriarentzat eta horretan dihardugu, identitate aniztasuna kudeatzeko eredu demokratiko propio, integral, parte hartzaile, inklusibo eta arrazakeriaren aurkakoa osatu nahian".
Horretarako, lehentasunezkotzat jo du "harrera on eta egoki bat egitea" herrira bizitzera datorrenari, "harrera bera badelako integrazio prozesuaren lehen fasea", akonpainamenduarena hain zuzen. Harrera zerbitzu egokia eskaintzeko, "funtsezkoa da ingurune instituzional, sozial eta administratibo berria ezagutzera ematea eta helburu horretarako baliabide eta zerbitzu propioak eta espefizikoak sortzea".
Integrazio komunitarioa sustatzeko xedea
Norabide horretan, harrera zerbitzu hori egituratzen azken urteotan eginiko lanketa ekarri du gogora alkateak gaurko agerraldian. Udal barrura begira, "hainbat baliabide aktibatu ditu" Udalak, Solaberrietaren esanetan; 2023an abiarazitako harrera zerbitzua, jada 50 pertsona inguruk baliatu dutena, udal iturrien arabera. Horrekin batera, lau hizkuntzetan argitaraturiko "baliabideen gida garrantzitsua, toki berri batera moldatzeak ekartzen dituen zailtasun horiei begira, bide hori erraztu nahian".
Herri euskalduna izanik, euskarazko oinarrizko hiztegitxo bat ere kaleratu zuen Udalak sei hizkuntzetara itzulia, geure hizkuntzaren oinarrizko kontzeptu batzuen ezagutza zabaltzeko etorri berrien artean.
Baina hori dena, "gure ustez, ez da aski, iruditzen zaigulako, komunitateak ere, herritarrek ere asko egin dezaketela integrazio prozesu horretan laguntzeko". Helburu horrekin abiarazi zuten hain zuzen, gaurko agerraldian berraktibatzea erabaki duten HarEman proiektua. "Helburua, gure herrira bizitzera datozen pertsonak usurbildartzea edo pertsona horien integrazio komunitarioa" sustatzea, "bidelagun baten, bertakoa den pertsona baten bidez".
Orain arte HarEman egitasmoak eginiko ekarpena nabarmendu du alkateak. "Oso balorazio positiboa egiten dugu. Iaz 10 bikote osatu ziren, prozesu osoa zortzi bikotek egin zuten. Balorazio horrek ekarri du berriro ere aktibatzera programa hau, gainera, modu iraunkorrean".