Mobilizazioa

N634 errepidea hartu dute, azken istripua salatu eta txirrindulariekiko errespetua galdegiteko

Noaua Aldizkaria 2025ko mar. 8a, 14:12

Aste hasieran N634 errepidean Bizkarreko zubi ondoan hildako txirrindulariaren istripua salatu dute larunbat eguerdi honetan, aipatu errepidean barrena egindako mobilizazioan. "Nahikoa da!" aldarrikatu dute mobilizazioaren buruan eraman duten pankartarekin. Txirrindulariekiko errespetua galdegin dute.

Etenik gabeko ibilgailuen joan-etorria izaten da egunero, baita txirrindulariena ere, bereziki asteburuetan. Gaurkoan, ordea, eten egin duten trafikoa. Bizikleta gainean ibiltzen direnek eta oinezkoek hartu dute osorik N634 errepidea. Moztu egin dute Usurbil alderik alde zeharkatzen duen bide nagusia, ondoko irudiotan ikus dezakezuen moduan, ezohiko mobilizazio baterako. "Nahikoa da!", aski dela aldarrikatu dute hitzorduan bildutako ehunka lagunek.

Astelehenean, kamioi batek txirrindulari bat harrapatu zuen Bizkarreko zubi ondoan. Larrialdi zerbitzuak bertaratu arren, ez zuten ezer egiterik izan. Istripu lekuan bertan zendu zen. Hildakoa, berri eman genizuen moduan, Tolosaldeako Lanbide Heziketako zuzendari Iñaki Pakea Arsuaga 53 urteko Ibarrako bizilagun ezaguna izan zen.

"Nahikoa da!"
Samina eragin du haren heriotzak eta haserrea bere istripuak. Bera omendu eta errepideetan jazotako txirrindularien enegarren istripuaren ostean, aski dela salatzeko batu dira ezbeharra gertatutako leku honetan bertan ehunka lagun. Larunbat goiz honetako 11:45erako jarria zuten hitzordua Atxega jauregi atarian. Handik abiatu dute, aipatu moduan, "Nahikoa da! Errespetatu txirrindulariak. Pakea beti bihotzean" aldarria zeraman mobilizazioa. N634 errepideak batu ditu inguru hori eta Bizkarreko zubi ondoko aste hasierako ezbeharraren lekua.

Irudietan ikus dezakezuen moduan, ehunka lagun batu dira; hildakoaren senide eta lagunekin batera, herriko nahiz beste hainbat txokoetako txirrindulari mordoa, udal ordezkaritza...

Hildakoari gorazarre egin dioten txalo artean hasi eta amaitu dute mobilizazioa.