Minutuko isilunea istripu lekuan bertan, aste hasieran hildako txirrindulariaren omenez

Noaua Aldizkaria 2025ko mar. 8a, 13:04

Astelehenean Bizkarreko zubi ondoan istripuz hildako txirrindulariaren aldeko minutuko isilunea egin dute ezbeharraren lekuan bertan larunbat eguerdi honetan. Loreak utzi dituzte toki horretan, N634 errepidean barrena eginiko mobilizazio jendetsuaren ostean.

Une oso hunkigarria bizi izan da larunbat goiz honetan, martxoaren 8an, aste hasieran istripuz hildako Iñaki Bakea Arsuaga oroitzeko eta ezbeharra bera salatzeko egin duten mobilizazio jendetsuan.

11:45 aldera Atxega jauregi ataritik N634 errepidean barrena abiatu dira hilaren 3ko ezbeharraren lekuraino. Hantxe, minutuko isilunea egin dute hildakoaren omenez. Loreak utzi dizkiote ezbeharraren lekuan bertan.

Ehunka lagun izan dituzte bidelagun Bakearen hurbilekoek; tartean, nola ez, txirrindulari mordo bat. Txalo artean amaitu dute, Bizkarreko zubi ondoko minutuko isilune hau.