Azken asteotan lautan jarri dute mahaia Sutegi atarian, eta oraindik ere sinadura jartzeko asmotan dabilenak aukera izango du datozen bi larunbatetan; 15ean eta 22an, goiz partean, 11:30-14:00 artean Sutegi atarian.
"50.000 sinadura baino gehiago bildu dira dagoeneko. Horrek agerian uzten du Herri Ekimen Legegile honek duen gizarte-babesa, zeinaren helburua den Autonomia Erkidegoan gutxieneko pentsioak osatzea, Lanbide Arteko Gutxieneko Soldatarekin parekatu arte, 1.184 euro 14 ordainsaritan 2025erako, hain zuzen", nabarmendua dute aipatu pentsiodunen mugimendutik.
Mugimenduari buruzko informazio gehiago ehpentsiodunak.eus atarian dago eskuragai.
Eusko Legebiltzarreko Mahaiak izapidetzeko onartu du Euskal Herriko Pentsiodunen Mugimenduak Pentsioak Osatzeko Euskal Sistema bat ezartzeko aurkeztutako HEL, eta atea ireki da EHPMaren aldarrikapen historikoa, 14 ordainsaritan 1.080 euroko gutxieneko pentsioa, lege bihur dadin.
Behean sinatzen dugunok zera adierazten dugu:
Erabateko bidegabekeria iruditzen zaigu milaka pentsiodunek, lan-bizitza oso baten amaieran, gutxieneko diru-sarrera nahikorik ez izatea beren mugikortasun- eta tenperatura-premietara egokitutako etxebizitza eroso bat eskuratzeko, eta oinarrizko gizarte-eskubideak bermatuta ez izatea, hala nola, osasunerako eskubidea, elikadura osasuntsua izateko eskubidea eta mendekotasunaren arretarako zerbitzu egokiak izateko eskubidea.
Urteetan zehar, milaka milioi desbideratu dira helburu desberdinetarako kotizazioetatik pentsio nahikoak bermatzeko erabili beharrean, eta gezurra esan da Pentsio Sistema Publikoaren iraunkortasunari buruz. Horrela, justifikatzen saiatu dira pentsioak eskuratzeko luzamenduak eta zenbatekoa, mugatu eta murriztu duten legeen ezarpena. Horren ondorioz, gero eta gutxiago dira bizitza-baldintza duinak lortzeko aukerak.
Neurri horiek guztiek diru sarrera gutxien duten pertsonei eragin diete bereziki, gehienak emakumeak.
Emakumeek lantokietan jasaten duten diskriminazioak eta prekarietateak, langabezia-tasa handiagoak, lanaldi partzialeko kontratuen proportzio handiagoak eta aitortu eta ordaindu ez diren zaintza-lanetan duten kokapenak pentsiorik baxuenak eskuratzea eragin dute; gutxieneko osagarriak behar dituzten kotizaziopeko pentsioak, 500 € pasatxoko kotizazio gabeko pentsioak (%70ean jasotzen dituzte emakumeek) edo argi eta garbi nahikotasun mailara heltzen ez diren alarguntza-pentsioak.
Bidegabekeria hori konpontzea premiazkoa bezain ezinbestekoa da, eta gutxieneko pentsio duina bermatzea da biderik zuzenena eta eraginkorrena.
Horregatik guztiagatik, lege-ekimen hau babesten dugu, zahartzaroan duintasunez bizitzeko diru-sarrera egokiagoak bermatzen baititu, gutxieneko pentsioa Lanbide Arteko Gutxieneko Soldatarekin parekatuz, hirurogei urtetik gorako pentsiodun bakoitzari beharrezko osagarria esleituz bere bizikidetza harreman direnak direla, eta eskumena duen administrazioak ofizioz aplikatuz, horretarako behar den informazio guztia baitu.
EAEko Gobernuak eta Legebiltzarrak erantzukizun hori bere gain hartzea babesten dugu. Egin dezake horretarako nahikoa baliabide ekonomiko eta eskumen dituelako.
Gizarte zibilari dei egiten diogu justua, premiazkoa eta beharrezkoa den HEL hau sina eta babes dezan.