Gosari feministarekin hasi dute borroka eguna frontoian. Kafea eta bizkotxoa hartu dituzte antolatzaileek eta bertaratu diren lagunek. Ordubetez egon dira bertan gosaria eman eta eguna antolatzen. Ondoren, 11:24ko trenean Donostiarako bidea hartu dute feministek Donostiako manifestaziora joateko.
Arratsaldean egitarauarekin jarraitu dute Usurbilgo Mugimendu Feminista osatzen duten Kafe Tertulia eta Usurbilgo Emakumeon Etxeko lagunek. Elkarretaratze jendetsua deitu dute Mikel Laboa plazan, eta herritarrek uste bezain ondo erantzun diote deialdiari. Ehunka lagun bildu dira Zumetaren muralaren aurrean, eta feministek hitzak txalotu dituzte "antifaxismoa feminista izango da edo ez da izango" lelopean.
Faxismoaren aurkako aldarria
Gizarte krisialdian gaudela aldarrikatu dute feministek elkarretaratzean: emakumeen aurkako indarkeria, migrazio politika bortitzak... "faxismoaren oldarraldiaren lekuko gara", hala azpimarratu dute elkarretaratzea hasi bezain pronto. Kapitalismo kolonial patriarkala indarrez isladatu nahi duela esan dute, eta erreakzio faxista hori patriarkala ere badela salatu dute: "modu bereiztuan eragiten digu neska, bollera eta trans gazteei". Zapalkuntza horien adibidetzat hartu dituzte sare sozialetako erreakzio misojinoak, eta esan dute emakumeen borroka kriminalizatzeko saiakerak etengabeak direla. "Borroka antifaxista feminismo autonomotik ere aurrera eramatea ezinbestekoa da", jakinarazi dute feministek. Euskal Herri feministaren eraikuntzaren forma berezitua jartzen duela ere esan dute eta Euskal Herriko emakume feministak antolatuta daudela. "Faxismoari aurre egiteko modu zuzenetako bat feminista izatea bera da. Antifaxismoa feminista izango da edo ez da izango" esanez amaitu dute 2025eko Martxoak 8ko elkarretaratzea.