Martxoaren 26ra arte

Errigoraren udaberriko kanpainako produktuak eskatzeko aukera gaurtik

Noaua Aldizkaria 2025ko mar. 10a, 09:13

"Beste modura, denona da onura" aldarripean abian du gaurtik Errigorak, udaberri parteko kanpaina.

Errigoraren urte garai honetako “Nafar hegoaldeko uzta eskutik eskura” kanpaina martxan da astelehen honetatik, martxoaren 10etik. Nafarroa erdialdean eta hegoaldean ekoitzitako “oliba-olio birjina estra, kontserbak, arroza, pasta, lekaleak eta ardo loteak euskaraz etiketatuta eta ekoizlearen jatorrizko prezioan” eskuratzeko aukera izango da hilaren 26ra arte.

Argibide gisa, olioa bost litroko bidoietan eskuratu ahalko da, kontserbak hamabi ontziko sortetan, “planteamendua urte osorako beste eskatzea da eta”. Izan ere, udaberri parteko kanpaina hau, “eguneroko kontsumo ohituretan eragiteko jaio zen”.

Ordainketari dagokionean, Errigoratik jakinarazi dutenez, “online eginez gero, bi zatitan ordaintzeko aukera izango duzu. Bestela, dena batera ordain dezakezu, eskudirutan, produktuak jasotzerakoan”.

Errigoraren udaberriko kanpaina
Eskaintza:
ardo bereziak eta gorenak, dilistak, arroza, zainzuriak, orburuak, barazkiak, babarrunak, zainzuriak, piperrak, kardua, tomatea, potxak, menestra, arbendolak, pasta, oliba-olioa.
Eskaerak egiteko modua: errigora.eus atarian edo NOAUA! Kultur Elkartearen egoitzan.
Eskaerak egiteko epealdia: martxoak 10-26.
Produktuen banaketa: maiatzak 6-7 inguruan.
Informazio gehiago: errigora.eus