Udalaren oharra, asteburuko Osinaldeko ezbeharraren harira

Noaua Aldizkaria 2025ko mar. 10a, 12:08

Oharra kaleratu du Usurbilgo Udalak, larunbatean Osinalde industrialdean izandako ezbeharraren harira.

Ezbehar latza izan zen larunbat arratsaldean Osinalde industriagunean. Bi gaztetxo Oria ondoko Erribera kaleko ibilbidean kokaturiko goi-tentsioko dorrera igo ziren. Gazteotako bat elektrokutatu eta osasun egoera larrian eraman zuten Barakaldoko Gurutzetako ospitalera, halakoetan erreferentziazkoa den Erredura Handien Unitatera.

Gertaera horren harira oharra kaleratu du Usurbilgo Udalak. Bertatik adierazi dutenez, "une honetan udalarentzat garrantzitsuena adingabearen osasun egoera da". Herenegun izandako ezbehar hau, alkate Agurtzane Solaberrietaren esanetan, "tristuraz bizi dugu egoera: gisa honetako istripuek ezinegona eta atsekabea eragiten dute. Espero dugu haurrak hobera egitera, eta senideei gure babesa adierazi nahi diet. Une honetan ezinbestekoa da argitzea zer gertatu den, ea segurtasun neurri guztiak betetzen ote dituen, eta berriz halako ezbehar larri bat eragozteko hartu beharreko neurriak ondo aztertzea, bakoitzari dagozkion ardurak hartuta”.

Ikerketa abian
Ezbehar horren harira, Usurbilgo Udaletik ohar bidez jakinarazi dutenez, gertaera izandako lehen unetik bertatik hartuemanetan da etengabe Ertzaintzarekin baita ere gai honetan zeresana izan dezaketen erakundeekin; hala nola, Iberdrolarekin eta Eusko Jaurlaritzarekin.  "Zauritutako adingabeen egoera ezagutzea" da lehentasun Udalarentzat. Hala, alkateak aditzera eman duenez, gaur goizean jaso ahal izan duen informazioaren arabera, "egonkor jarraitzen du" larriki zauritutako haurrak.

Gertaera lekuan izan ziren alkatea bera eta zinegotzietako bat larunbat arratsaldean. "Udalak jakin ahal izan duenez, Ertzaintzak ikerketa abiatu du, goi-tentsioko linea horrek segurtasun neurrien inguruko araudia betetzen duela ziurtatzeko". Solaberrietaren esanetan, "azken batean, ikertu beharra dagoena da zer dioen araudiak instalazio elektriko hauen inguruan, ea dorre horrek segurtasun neurriak behar bezala aplikatuta dituen, zerbaitek huts egin badu, zer izan den" eta ondorioz, "zer neurri zuzentzaile hartu beharko liratekeen, berriro halakorik gerta dadin saihesteko bai Usurbien eta edozein udalerritan".Ikerketaren helburu nagusia hain zuzen, "berriro, gisa honetako ezbeharrak saihestu ahal izatea" da alkateak nabarmendu duenez.

Arduraz jokatzeko deia
Bere esanetan, "ez da unea zehazteko norena den erantzukizuna, zerk huts egin duen jakiteko baizik". Horregatik, guztiok erantzukizunez eta arduraz jokatzeko deia egin du. "Ez da arinkeriz jokatzeko unea. Beraz, hedabideei ere lasaitasuna eskatzen diet, ikerketak bere denbora eskatzen duelako. Ikusiko dugu zer ondorio ateratzen diren".