Martxoaren 23an

Zortzi film labur berri ikusi eta Alaia Martinekin solas egiteko aukera, 22. Laburbiraren eskutik

Noaua Aldizkaria 2025ko mar. 12a, 13:00

NOAUA! Kultur Elkartearen eskutik, azkenaldian ekoitzitako euskarazko zortzi film labur berri ikusi eta haietako baten zuzendariarekin, Alaia Martinekin hitz egiteko aukera izango da martxoaren 23an Sutegin.

Hunkigarriak, dibertigarriak, ikusgarriak... Ohi bezala, euskarazko film laburren uzta berriena dakar aurtengo Laburbirak ere. Martxoaren 6an aurrestreinatu zuten Donostian eta ordutik, apirilaren 11ra bitarte, Euskal Herri osoko 51 udalerrietan proiektatuko dira ikus-entzunezko lan laburrok, baita Londonen ere. Tartean, noski, ohi bezala, NOAUA! K.E. kide duen Taupa euskaltzaleen mugimenduak sustaturiko 22. Laburbira Usurbila ere helduko da datorren martxoaren 23an, Sutegiko auditoriora hain zuzen, NOAUA! Kultur Elkartearen eskutik, arratsaldeko 18:00etan.

Zortzi film labur proiektatuko ditugu, segidan dituzue sorkuntza lan horiei buruzko xehetasunak. "Besteak beste, Goya sarietarako hautatutako filmak (Ekain Irigorienen “Europa” eta Eneko Sagardoyren“Betiko Gaua“), Alaia Martin, Gipuzkoako Bertsolari finaleko irabazleak Karmele Mitxelena eta Iraitz Mateorekin batera zuzendutako “Pentsatzen dut”, Itziar Ituño protagonista duen “Prosopagnosia” edo “Utlandsk” Huezinema jaialdiko lan irabazlea", eskainiko ditugu Sutegin.

Alaia Martinekin solasaldia
Proiekzioaren ostean, film hauetako baten zuzendariarekin solasean aritzeko aukera izango da; hain zuzen, udazkeneko Gipuzkoako Bertsolari Txapelketaren irabazle Alaia Martinekin. Bertsolaria, sorkuntza lanotako baten zuzendaria da baita; "Pentsatzen dut" izeneko film laburrarena hain zuzen.

Aipatu moduan, Usurbilen soilik ez, Euskal Herriko beste 50 udalerrietan proiektatuko dira film laburrok; Gipuzkoako beste 21 udalerrietan, 19 proiekzio antolatu dituzte Bizkaian, beste 5 Araban, 3 Iparraldean eta 2 Nafarroan. Londonen ere eskainiko dituzte euskarazko zortzi sorkuntza lanok:


22.Laburbira

"Prosopagnosia"
Zuzendaria: Ekain Martinez de Lizarduy.
Sinopsia: "Prosopagnosia jendearen aurpegiak ezagutzea eragozten duen gaixotasuna da. Barne bidai baten errelatoa da filma".



"Plazer bat"
Zuzendaria: Sonia Estévez.
Sinopsia: "Stop motion teknika baliatuz, film hau pertsona bakoitzak dituen eguneroko plazer txikiei egindako omenaldi bat da".



"Betiko gaua"
Zuzendaria: Eneko Sagardoy.
Sinopsia: "Mirenek Elena antzemango du alokatutako auto bat gidatzen. Auto horri segika hasiko da gauaren erdian…".



"Europa"
Zuzendaria: Ekain Irigoien.
Sinopsia: "Gerratik ihesi etorri da Lubna Parisera. Gurasoengan du pentsamendua,  beraiekin elkartzea baitu helburu".



"Pentsatzen dut"
Zuzendariak: Karmele Mitxelena, Alaia Martin eta Iraitz Mateo.
Sinopsia: "Amatasuna lan munduarekin uztartu ezinda, blokeatuta dago Bea. Nora lagunarekin erakusketa batera  egindako bisitak barrenak inarrosiko dizkio…".



"Hor konpon"
Zuzendaria: Jone Arriola.
Sinopsia: "Rita eta Berta lapurrak dira. Bizimodu horrexek ematen die egunerokoan aurkitzen ez duten adrenalina. Bertak, baina, bizimoduz aldatzea ebatsu du bat batean…".



"Goodbye Kepler"
Zuzendariak: Nerea Ayala, Patricia Fañanás, David Modroño, Iraia Yarto.
Sinopsia: "9 urte espazio sakonean ibili eta gero, Kepler teleskopioa erregai gabe geratu da…".



"Utlandsk"
Zuzendaria: Alba Lozano.
Sinopsia: "Esti Oiartzunera itzuli da sei urtez Suedian bizi ondoren. Herria ez dela deus aldatu baieztatu du eta Estiri kostatzen ari zaio egokitzea…".