"Salto!"

Udalerri euskaldunetako gazteen udalekuetan izena emateko deia

Noaua Aldizkaria 2025ko mar. 12a, 11:05

Udalerri Euskaldunen Mankomunitateak (UEMA) uda hasieran Tolosaldean eta Goierrin barrena egingo diren udaleku ibiltarietan parte hartzeko izena emateko epealdia zabaldu du.

Usurbilgo udalerria kide duen Udalerri Euskaldunen Mankomunitateak (UEMA) Salto! izeneko udaleku ibiltariak antolatu ditu aurtengoan ere uda hasierarako, 2007-10 urte artean jaiotakoentzat. Martxoaren 31ra arte eman ahalko da izena, udako oporraldi betean murgildu berriak izango diren gazteontzako aisialdiko ekimenean. Tolosaldea eta Goierriko lau udalerri lotuko dituzte udalekuok; Baliarrain, Zaldibia, Ataun eta Idiazabal. Batetik bestera, oinez mugituko dira parte hartzaileak.

"Euskaraz gozatzeko une eta gune dibertigarria"
UEMA-ren udaleku ibiltari eta euskaldunok udalerri euskaldunetako gazteak elkar ezagutu eta saretzea, "euskaraz gozatzeko une eta gune dibertigarria, alaia eta gertukoa" eskaintzea eta "euskaldun gisa ahalduntzeko eta kontzientziatzeko aukera" ematea sustatzen dute.

Zortzi egunez, "herriz herriko mendi-ibilbideak, kantaldiak, kontzertuak, tailerrak..." izango dituzte parte hartzaileek, baita "jolasak, solasak, hausnarketak..." edota harremantzeko aukera ere. Parekidetasuna, aniztasunarekiko errespetua, naturzaletasuna, parte hartzea... dira besteak beste, udalekuon ardatz. Segidan dituzue, udaleku hauei buruzko xehetasunak.

"Hedatu hezkuntza" proiektua
Herritarrak euskararekiko kontzientziatu eta sentsibilizatzen dihardu UEMA-k azken urteotan. "Horren baitan, euskararen arnasguneei eta udalerri euskaldunei buruzko Hedatu hezkuntza proiektua" abian du. Bere bidez, "ikastetxeetan ere ari dira lanean UEMAko teknikariak, Haur Hezkuntzako, LHko, DBHko eta Batxilergoko ikasleekin, irakasleekin eta gurasoekin. Udalerri euskaldunak eta arnasguneak giltzarriak direla nabarmentzea da proiektuaren helburua, gazteei euskararen normalizazio prozesuan duten garrantzia ikusarazteaz gain".

Proiektuaren garapenaren baitan, "hezkuntza arautuaren mugak gainditu eta udalerri euskaldunetako gazteentzako topaketak eta udalekuak antolatu ditu" aipatu mankomunitateak urteotan Eusko Jaurlaritzaren laguntzaz; lerrootan mintzagai ditugun Salto! udaleku ibiltariak. "Euskaraz bizi diren gazteek inertziatik kontzientziarako saltoa ematea eta horrekin efektu biderkatzailea sortzea da helburua. Aisialdiarekin eta euskal kulturarekin lotutako egitarau erakargarriarekin, gazteak sentsibilizatzea eta saretzea lortu nahi da udaleku hauekin".


"Salto!" udalekuak
Nori zuzenduak: 2007-2010 urte artean jaiotako gazteentzat.
Txandak: 2.
Txanden epealdia: ekainak 22-30, uztailak 2-10.
Bi txanden ibilbidea:
Ekainak 22-24/uztailak 2-4: Baliarrain.
Ekainak 24-26/uztailak 4-6: Zaldibia.
Ekainak 26-28/uztailak 6-8: Ataun.
Ekainak 28-30/uztailak 8-10: Idiazabal.

Izena emateko epealdia: martxoak 31.
Izena emateko bideak: uema.eus edo labur.eus/salto2025izena helbide galdetegia beteta.
Prezioa: 175 euro.
Plaza kopurua: txanda bakoitzean 60 lagun, guztira 120.

Informazio gehiago:
943 816 699
administrazioa@uema.eus
uema.eus