"Beste modura" kontsumitzearen onurez ohartarazi du Errigorak

Noaua Aldizkaria 2025ko mar. 12a, 10:43

"Beste modura, denona da onura" aldarripean, abian du astelehenaz geroztik Errigorak, udaberri parteko kanpaina.

Euskal Herriko 200 bat herrietara hedatuko den udaberri parteko "Eskutik Eskura" kanpaina ezaguna abiarazi zuen astelehenean Errigorak. "Nafarroa hegoalde eta erdialdeko baratzeko produktuak Euskal Herriko plazara" ekarriko ditu beste behin.

Kanpainaren aldarriari keinu eginez, ekimen horren bidez "beste modura" kontsumitzeak dakartzan onurez ohartarazi du Errigorak. "Elikadura burujabetza da Euskal Herrian kontsumitzen ditugun elikagaiak hemen ekoiztuak izateaz gain, elikagaien ziklo guztiaren gaineko (ekoizpena, banaketa eta kontsumoa) erabakimena ere herriaren eskuetan egotea. Horretarako, ekoizle nahiz kontsumitzaileen parte- eta kontzientzia-hartzea ezinbestekoak dira. Bide hori sustatuz, denon komunitate osoaren (ekoizle zein kontsumitzaileen) zaintza helburu nagusi bilakatzen da. Horrela, eskematik kanpo uzten ditugu bata zein bestearen miseria elikatzen duten enpresa erraldoien interesak. Bestelako kontsumo bat bultzatzeak, onurak dakarzkigu denontzat".

Elikadura burujabetzak ahalbidetzen du denontzat "elikatzen gaituenari buruz informatuta egotea, gardentasuna, eskuhartzeko gaitasuna, erabakimena, ahaluntzea, harremanak, osasuna, komunitatea, kultura, hizkuntza...".

Xehetasun horiei buruzko albiste honi atxikitako hiru bideo argitaratu ditu Errigorak.

Eskuragarri
Errigoraren urte garai honetako “Nafar hegoaldeko uzta eskutik eskura” kanpaina martxan da astelehen honetatik, martxoaren 10etik. Nafarroa erdialdean eta hegoaldean ekoitzitako “oliba-olio birjina estra, kontserbak, arroza, pasta, lekaleak eta ardo loteak euskaraz etiketatuta eta ekoizlearen jatorrizko prezioan” eskuratzeko aukera izango da hilaren 26ra arte.

Argibide gisa, olioa bost litroko bidoietan eskuratu ahalko da, kontserbak hamabi ontziko sortetan, “planteamendua urte osorako beste eskatzea da eta”. Izan ere, udaberri parteko kanpaina hau, “eguneroko kontsumo ohituretan eragiteko jaio zen”.

Ordainketari dagokionean, Errigoratik jakinarazi dutenez, “online eginez gero, bi zatitan ordaintzeko aukera izango duzu. Bestela, dena batera ordain dezakezu, eskudirutan, produktuak jasotzerakoan”.

Errigoraren udaberriko kanpaina
Eskaintza:
ardo bereziak eta gorenak, dilistak, arroza, zainzuriak, orburuak, barazkiak, babarrunak, zainzuriak, piperrak, kardua, tomatea, potxak, menestra, arbendolak, pasta, oliba-olioa.
Eskaerak egiteko modua: errigora.eus atarian edo NOAUA! Kultur Elkartearen egoitzan.
Eskaerak egiteko epealdia: martxoak 10-26.
Produktuen banaketa: maiatzak 6-7, 16:30-18:30 artean, Udarregi ikastolako erdiko aretoan.
Informazio gehiago: errigora.eus