"Janela" erakusleiho baterako gonbita da?
Ibai Arrieta: "Janela" kantak berak aukera ederra eskaintzen du Gorka Urbizuk musikari gisa hartu duen bide berri honetan gertatu dena ulertzeko. Gorka zetorren Berri Txarrak uztetik. Bazen jakinmina zer gertatuko zen eta berak nolabait presio horretatik aldendu nahi izan zuen, bere lehen bakarkako diskoa grabatzeko. Prozesu hau ulertzeko "Kaier bat" liburua argitaratu zuen Gorka Urbizuk eta hor lagungarriak dira argazkiak. "Janela" erakusketa egiteko aukera sortu zenean, ikusten nuen materialak erakusketa batean funtziona zezakeela. Gorkari proposatu nion, berak ondo ikusten zuen. Komisariotza lanak egin dituen Garbiñe Ortegaren bidez forma ematen hasi ginen. Ekainean Donostiako Dock of the Bay jaialdiaren baitan aurkeztu zen erakusketa argazki eta bideoekin. Berebizikoa da gauza hauek forma har dezaten, babes hori egotea. Proposamena etorri zen gero Zumarteren partetik eta erabaki zen argazkietara mugatzea.
Berri Txarrak-en azken bira iruditan biltzeko aukera izan zenuen. Nola gerturatu zara lan intimoago honetara?
Berri Txarrak-en urte amaiera hori izan zen halako emozioen leherketa bat kontzertu bakoitzean. Argazkilari bezala hori erretratatzea oso erakargarria izan zen. Orain, bidea alderantzizkoa zen. Sekretupean egin zen Gorkaren lehen bakarkako diskoaren grabazioa Lleidako Guissona herriko familia baten etxebizitzako estudioan. Gorkari jartzen zioten baldintza zen eramatea kantak bukatu gabe. Bertan zer gerta zitekeen, prozesu horren jarraipena egin nahi zuen. Grabaketa prozesuko lehen bost egunetan egon nintzen. Egoera horretan, argazkilari gisa izan nitzakeen hainbat ideia baina mugatua zaude, ze erretratatu behar duzu ahalik eta interakzio sutilenarekin. Une horietan kantak ixteko erabakiak hartzen ari ziren eta horren lekuko izatea egokitu zitzaidan. Prozesu honetan lantzen zutena zen giro bat sortzea, musikaria sorkuntza munduarekin lotzeko, kantak bukaeraraino eraman ahal izateko. Horretarako ahal dela argazkilari ikusezin bat izan behar nintzen. Era berean, elkarbizitzaren parte sentiarazten gintuzten.
Nola jaso zenuen Zumarteren gonbita?
Zumartetik proposamena heldu zenean, ilusio handia egin zidan. Oinarrizko musika ikasketak bertan eginak ditut. Zumartek herri mailan duen funtzioa oso interesgarria iruditzen zait eta geronek bizi izan dugu. Ez du musika formakuntza eskaintzen soilik, umeei musikarako sarbide bat eskaini, musika zaletasunera gerturatzen die. Zumartek 40 urteotan zerbait egin badu izan da musikarekiko ilusioa piztea eta hori aitortu behar zaio.
Sutegiko erakusketa musikarekiko duzun zaletasunaren emaitza ere bada?
Musikazale amorratua naiz. Badakit zaletasun hau Zumarten ez baginen egon, seguraski ez nuen biziko. Gero irudia eta musika uztartu nituen musika zale nintzelako. Hemen egondako gaztetxeetako kontzertuetan hasi nintzen argazkiak egiten. Egun, ogibide argazkilaritza badut ere, ez dut soilik musikagintzan lan egiten, baina alor horrek asko motibatzen nau.
Zer nolako begiradarekin nahi zenuke gerturatzea erakusketara?
Gorka ezagutu edo bere bidea jarraitzen duenak seguru bere bakarko lehen diskoaren atzean egon daitekeen zertzeladaren bat jasoko du. Ezagutzen ez duenak ikusiko du sortzaile batek proiektu batean aurrera egiteko hartutako arriskuen aurrean, nola mugitu daitekeen. Alde batetik ikusiko du grabaketa prozesua eta, bestalde, kontzertuetarako sortutako formazioaren lehen pausoak.