21. Soinurbil

"Desiratzen ginen erakusketa hau hona ekartzeko"

Noaua Aldizkaria 2025ko mar. 14a, 09:07

Musika ulertu eta irudikatzeko beste modu bat aurkeztu digute gaurkoan 21. Soinurbil Musika Zikloaren baitan, haren antolatzaile diren 40 urte betetako Zumarte Musika Eskolak eta Usurbilgo Udalak ostegun iluntze honetan Sutegin irekitako Ibai Arrieta del Picoren "Janela: leiho bat Gorka Urbizuren unibertsora begira" izeneko argazki erakusketa. "Desiratzen ginen erakusketa hau hona ekartzeko", adierazi dute.

Egilearekiko harrotasuna eta ireki berri duten erakusketa Usurbilen izateko gogoa agertu dute "Janela: leiho bat Gorka Urbizuren unibertsora begira" izeneko argazki erakusketaren irekieran, haren antolatzaile Zumarte Musika Eskolak eta Usurbilgo Udalak.

Egitasmo hau Sutegira ekarrita, "musika ikusi eta interpretatzeko beste modu batzuetan sartu gara", adierazi du 40 urte betetako eskolaren lehendakari Agurne Alkortak. Izan ere, Ibai Arrietaren irudi bildumak "musika beste modu batean ulertu, irudikatu eta bizitzeko" aukera eskaintzen duela gaineratu du eta "harrotasunez ekarri dugu" kultur-etxeko erakustaretora, zioen Alkortak.

Harrotasun bera agertu du ez soilik erakusketarekiko baita haren egilearekiko ere, "noraino heldu den ikusita". Musika eskolaren 40. urtemuga honetan, "zer harro berriz hemen elkartzeaz musikaren inguruan". Izan ere, "ezin ahaztu elkarrekin zenbat urte eman genituen abesbatzako azken ilara hartan". Hitzordu honek elkartu ditu Alkortak gogorarazi moduan, "ilara hartako asko".

Arrieta eskertu nahi izan du musika eskolako lehendakariak, erakusketa Usurbila ekartzeko "bidea asko erraztu digu" eta. "Profesional handia da. Oso harro gaude zutaz eta erakusketa honetaz", gaineratu du.

Era berean, antolaketa lanetan bidelagun izandako Usurbilgo Udala eskertu nahi izan du baita.

Eskertza
Ondoan zuen Alkortak hain zuzen, Usurbilgo udal gobernu taldeko ordezkari, kultur arloko zinegotzi Jon Mikel Azpiazu. "Udalarentzat ere plazerra da Zumarteren bidelagun izatea", erantzun dio musika eskolako lehendakariari. Herriko kultur sorkuntzari egiten dioten ekarpenagatik, "egiten duzuen lanagatik" eskertu nahi izan du, lankidetzan luzaroan jarraitzeko borondatea agertzearekin batera.

"Guretzako ere Ibai hemen izatea bikaina da, herriko sortzaile bat herriko plaza hartzen", nabarmendu du Azpiazuk. Iaz estreinakoz Donostian ikusgai izan ostean, "desiratzen ginen erakusketa hau hona ekartzeko".

Egilea eskertu eta berarekin batera "Gorka hemen izatea opari handia da eta plazerra da guretzat. Badakigu Sutegiko aretoa kuttuna duela, hemen ikusi dugu gehiagotan. Eskerrik asko ekitaldi honi hainbesteko handitasuna emateagatik".