21. Soinurbil

"Janela" erakusketa bideratzeko borondate ona eskertu du Ibai Arrietak

Noaua Aldizkaria 2025ko mar. 14a, 09:17

Borondatea, borondate ona eskertu eta goraipatu nahi izan du Ibai Arrieta del Pico argazkilari usurbildarrak bere "Janela: leiho bat Gorka Urbizuren unibertsora begira" izeneko argazki erakusketaren irekiera ekitaldian. Sutegiko aretoa bete duen hitzorduan, proiektuak bideratzeko behar den ezinbesteko borondate on hori eskertu nahi izan die bidelagun izandakoei.

Izan ere, "askotan mila proiektu abiarazten ditugu, baina borondatea behar da" ostegun honetan, martxoaren 13an, Sutegin irekitako "Janela: leiho bat Gorka Urbizuren unibertsora begira" argazki erakusketaren egile Ibai Arrieta del Picok adierazi duenez; bai norberarena eta "inguruan ere borondate oneko jendez inguratu behar zara".

Sutegin bertan eman ditu azken egunok prestaketa lanetarako argazkilari usurbildarrak. Ideia horixe zerabilkion jira-biran; "behin eta berriz etorri zitzaidan ideia bat zen borondatearena, gauzak egiteko behar den borondatea".

"Irudien bidezko hurbilketa"
Borondate on honengatik eskertu nahi izan du lehenbizi ekitaldian bertan izandako Gorka Urbizu musikaria, "bere unibertsora gerturatzeko eta kamerarekin bere sormen edo egiten ari den bide hori arnasteko" eman dion aukeragatik. "Hori borondate onik gabe ez da posible", gaineratu du. Gorkak bakarkako estreinako diska kaleratu aurretik, haren grabazio prozesuan "izandako egonezin horietara, irudien bidezko gerturapen bat da", Arrietak hilaren 30era arte Sutegin eskainiko duena. Sorkuntza lan horren "lehen pausoak ere ikusgai daude".

Ildo beretik mintzatu da, borondate on hori goraipatu du egitasmo hau bideratu ahal izan delako. Izan ere, horren faltagatik, sarritan egindako argazkiak "bidean geratzen dira". Kasu honetan, ordea, ez da hala izan. Iaz Donostiako Dock of the Bay Musika Zinema Dokumentalaren Jaialdian ikusgai jarri ahal izan zuen, Koldo Mitxelena Kulturunearen eta Gipuzkoako Foru Aldundiaren laguntzarekin.

"Zumarteko belaunaldi horren parte sentitzen naiz"
Usurbilgo kasuan ere herri honek erakusketari tokia egin diolako esker oneko agertu da Arrieta. "Borondate ona" jaso duela gaineratu du baita, "Zumarteko lagunengandik eta Usurbilgo herriarengandik".

40. urtemuga betean den Zumarte Musika Eskolari zuzenduta, gogorarazi du, nola haren adin bera duen argazkilari usurbildarrak. "Zumarteko ume kontsideratzen naiz. Zumarteko belaunaldi horren parte sentitzen naiz". Musika eskolak lau hamarkada hauetan izandako borondate on nabarmendu nahi izan du, "guk geneukan musikarekiko ilusio hori elikatzen jakin" zuelako Zumartek. "Musikari bezalako mundu bati ateak irekitzeak eta bertan norberak bere bidea bilatzeko laguntza hori emateak asko balio du eta aitortza hau" egin nahi izan die Zumarteko kideei.