Ostegun honetako "Janela" argazki erakusketako irekiera ekitaldiko ezustekoa izan da. Ibai Arrieta del Pico argazkilari usurbildarraren irudi bildumako protagonista kultur-etxeko erakustaretoan bertan izan da; aurkezpen gutxi behar duen Gorka Urbizu musikariari buruz ari gara.
Bakarkako bere lehen diskoaren, "Hasiera bat" izenekoaren grabazio prozesua bildu zuen Arrietak iruditan. Sorkuntza lan horri buruz mintzatu da hain zuzen Urbizu bera ere. "Lau urteko isilunearen ondoren, nebilen bilaketa prozesu batean. Itsuaren eskuaren antzera, ez dakizu ondo nora zoazen". Baina aurrerantz bilaketa bide hori jorratzen segi eta "halako batean topatzen duzu bide hori".
"Igartzen nuen zerbait berezia gerta zitekeela"
Prozesu horretan joan zen Kataluniako Guissona udalerrira (Lleidara). "Argazkietan ikus daitekeen antzoki zahar batean grabatu zen diskoa", ekarri du gogora. Bertan egindako "grabaketa moldea nahiko berezia izan zen, era analogikoan. Ez da ohiko estudioa. Batzuetan badute estudioek halako puntu hotz bat, xarmarik gabekoa. Uste nuen kanta sorta honek merezi zuela beste ingurune bat eta hantxe topatu genuen".
Estudiora sartzear zela jabetu zen Urbizu "zerbait berezia gertatuko zela edo behintzat grabaketa moldea ere desberdina zela, ez genuelako apenas entsegurik egin, estudiora sartu aurretik. Ibairengana jo genuen". Berri Txarrak taldearen garaitik elkar ezagutzen ziren, taldearen azken bira iruditan jaso zuen Arrietak. "Esan nion ez nekiela zer pasatuko zen baina igartzen nuen zerbait berezia gerta zitekeela". Horregatik, Lleidara joateko deia egin zion musikariak argazkilari usurbildarrari; "etorri badaezpada ere zure kamera eta zure begirada berezi horrekin", adierazi zion.
Hasieran zalantzak izan zituen arren, egun argi du; "pozten naiz Ibai etorri izanaz, ez bakarrik erakusketa honengatik, uste dudalako benetan jasotzen dela" sorkuntza lanak berak plazaratu nahi duen mezua. "Grabaketaren xarma hori, tokiaren espazioa, oso berezia izan da, nire ustez diskoaren giltzetako bat eta Ibaik bikain jaso du hori". Egindako lanagatik eskertu nahi izan du Arrieta. "Zuzenekoetako argazki horietan ematen du berezkoa baino hobea zarela Ibaien argazkietan. Izarrak dirudigu", adierazi du umore onez.
"Musikak behar du beste erritmo bat"
"Hasiera bat" diskoko abestiez girotu du irekiera ekitaldia, erakustaretora joandakoak ere abesten jarri ditu. Disko horri buruz aipatu duenez, "bizi gara musika munduan ere azeleratuak. Saturazio bat daukagu maila askotan, gizarte mailan ere. Disko hau bada hein batean, horren kontra egindako erreakzio bat eta eskatzen duena desazelerazio bat. Isiltasunari garrantzia handia ematen zaio, soseguari. Uste dut mezua hauxe dela eta hori argazkitan ere oso ondo jasotzen da", Urbizuren esanetan.
Musikagintzan behar duen desazelerazio horren beharraz mintzatu da. "Nola hain azkar bizi garen, gaur egun ere ematen du kantuek eta diskek ez dutela irauten. Emaitza berehala nahi dugu. Ematen du ezin dugula ezertan zentratu edo ezertaz gozatu. Musikak behar du beste erritmo bat", aldarrikatu du.
Horren islada, aldarria da "Hasiera bat" egilearen ustez. "Halako gauzei esker, disko honek arnas luzea du". Plazaratu zuenetik urtebete pasatxo igaro arren, "oraindik ere kantu hauek bizirik daude eta bidea eginez, eskertzekoa da". Polita iruditu zaio erakusketa honetan erretrataturiko alderdi hori, "polita da ikustea, kantuak nola sortzen diren, nola sortu eta egiten duten bidea".