Elurrak Andatza gaina zuritu dezake larunbatean

Noaua Aldizkaria 2025ko mar. 14a, 08:00

Larunbatean 500 metrotan elurra egin dezakeela ohartarazi du Euskalmet meteorologia agentziak.

Ohikoa gauden urte garai izanda; negu giroko asteburua izango dugu. Abisu horia ezarri dute ostiral eta larunbat honetarako elurragatik. Usurbilen ez du elurrik egingo, baina mendi inguruan larunbatean agian bai. Izan ere, ostiral honetarako, martxoaren 14rako, 600-800 metrotan zuritu dezake ostiral goiz eta iluntze partean. Baina larunbatean, zertxobait beherago ere egin dezake elurra, Euskalmet meteorologia agentziak ohartarazi duenez.

Izan ere, bihar, hilak 15, abisu horia ezarri dute Gipuzkoa osoan elurragatik eta egun osoz. Euskalmet-en arabera, "goizaldean, goizean goiz eta egunaren azken orduetan elur-kota baliteke 500-700 m artean kokatzea; egunaren erdiko orduetan 700-800 m inguruan koka daiteke. Zaparrada txikiak botako ditu, Kantauri isurialdean noizbehinka ertainak". 600 metrotan hiru zentimetroko lodieran zuritu dezake elurrak, aipatu agentziaren arabera.

Negu giroa
Giro honekin, ostiral honetan, hilaren 14an Usurbilen, "zerua hodeitsu edo oso hodeitsu egongo da. Zaparrada txikiak botako ditu, zenbait lekutan ertainak. Trumoi-ekaitzak jo eta txingorra bota dezake. Ipar-osagaiko haizea ahul-bizi ibiliko da, eta ipar-ekialdekoa nagusituko da. Tenperatura gutxi edo nahikoa jaitsiko da".

Larunbatean, "zerua hodeitsu edo oso hodeitsu egongo da. Zaparrada txikiak botako ditu, zenbait lekutan ertainak. Baliteke trumoi-ekaitzak jo eta txingorra botatzea. Ipar-osagaiko haizea ahul-bizi ibiliko da. Tenperaturan aldaketarik ez edo gutxi jaitsiko dira".

Igandean, "goizean lanbroa eta lainoa agertuko dira. Zerua tarteka hodeitsu egongo da. Han-hemenka eta noizbehinka prezipitazio txikia egin dezake. Mendebal/ipar-mendebaldeko haizea ahul ibiliko da, eta arratsaldean ipar-osagaira aldatuko da. Tenperatura minimoetan aldaketarik ez edo gutxi jaitsiko da. Tenperatura maximoak gutxi igoko dira".

Informazio eguneratua, euskalmet.eus bidez jaso ahalko duzue.