Zehatz-mehatz bi hilabete baino ez dira geratzen euskara ahotan gehiago, gehiagorekin eta gehiagotan hartzea sustatzen duen ariketa kolektiboari ekiteko. Izan ere, gaur, martxoak 15 ditu eta bi hilabete barru, maiatzaren 15ean ekingo zaio hamaika egun iraungo dituen laugarren Euskaraldiari.
Edizio hau girotzeko hainbat ekimen bideratu dira hilabeteotan; besteak beste, Hamaikakoa aurkeztu zuten, baita abestia ere. Herriz herri, tartean Usurbilen, herritarren batzordeak osatu eta dinamizazio lanetan dihardute. Entitateek hilabeteotan izena emateko aukera izan dute eta dute oraindik. Gaur beste urrats bat eman dute Euskaraldiaren sustatzaileek, Gasteizen egindako agerraldian jakinarazi duten moduan. Ahobiziek eta belarriprestek izena emateko epealdia zabalik dela berri eman dute.
Herritarrek "oso-oso modu errazean" eman dezakete izena, Euskaraldiaren bultzatzaileek gaurkoan jakinarazi dutenez; izenematea.euskaraldia.eus atarian sartuta hain zuzen. Bertan dagoen formularioa osatu beharko da.
Izena ematearen garrantzia
Norbanako parte hartzaile guztiek izena emateak duen garrantziaz ohartarazi dute, gaurko Gasteizko agerraldiko parte hartzaileek batera egin duten moduan. Izan ere, "horrek ahalbidetuko du gero Euskaraldiaren inguruko ikerketa egin ahal izatea, parte hartzaileen jarraipena egitea, txapak banatzea, eta batez ere, prestakuntza tresna eta aholkuak helarazi ahal izatea".
Ahobizi edo belarriprest gisa izena emandakoan, hurrengo urratsa rol horri dagokion txapa eskuratzea izango da. Euskaraldiarekin bat egin dela adieraztearekin batera, zer modutan parte hartuko duen irudikatuko duen soinean eramateko baliabide hau nork bere herrian eskuratu ahalko du, tokian tokiko herri batzordearen eskutik. Txapa jaso ostean, gero, Euskaraldiak iraungo duen hamaika egunetan, maiatzaren 15etik 25era soinean jantzi beharko da, "aurrean den ezezagunak euskaraz badakien erakutsiko baitu txapak. Norberarentzat baino besteentzat keinu bat da txapa, beraz".
Gaurko agerraldian jakinarazi dutenez, sarritan aipatu ohi den "estres linguistikoa" txapak ezabatuko duela nabarmendu dute. "Izan ere, estres linguistikoa da pertsona elebidun batek, ezezagunen aurrean, hizkuntza gutxiagotua hobesteak ekartzen dion tentsioa. Txapa ikusita bai baitakigu aurrean dugunak euskaraz ulertzen duela, behinik behin. Hala, txapak mezu argia ematen dio aurreran duenari “nirekin egizu euskaraz!”.
Euskaraldiak iraungo duen hamaika egunetatik haratago, urte osoan, ariketa kolektibo honek bultzaturiko jarrerei eusteko deia egin dute, "izan ere, urte guztian behar ditugu euskaldunak euskaraz".
Ahobizi
-Orain arte euskaraz izan dituzun elkarrizketek euskarazkoak izaten jarraituko dute; baina, orain arte erdaraz izandako elkarrizketa batzuk euskaraz edo elebiz izatea ere lortuko duzu.
-Jarrera aktiboa izango duzu, beraz. Zure harreman sarean dituzun hizkuntza praktikak aztertu eta euskarara aldatzeko aukera duzun horietan eragingo duzu. Hizkuntza aldaketarako aukeratu dituzun harreman horietan ezezik, zure bizitzako esparru guztietan euskaraz arituko zara, ahal den guztietan, ahal duzun guztiekin.
-Bi aldeek euskaraz ulertzen badute, ez dago euskaraz ez egiteko arrazoirik. Ahobizi eta belarriprest ugari izango baitituzu inguruan.
Belarriprest
-Orain arte euskaraz izan dituzun elkarrizketek euskarazkoak izaten jarraituko dute, baina orain arte erdaraz izandako elkarrizketa batzuk euskaraz edo elebiz izatea ere lortuko duzu.
-Jarrera aktiboa izango duzu, beraz, gonbitea egingo baitiezu euskal hiztunek zurekin euskaraz hitz egin dezaten. Oso garrantzitsua da zure funtzioa, euskarazko elkarrizketak sortzen lagundu eta euskara erabiltzeko giro babestua sortuko duzulako.
-Ariketa egiten duzun bitartean giro babestua izango duzu, ahobizi eta belarriprest ugari izango baitituzu inguruan.