Euskaraldia

Euskaraldia prestatzen jarraitzeko herri batzordearen bilera

Noaua Aldizkaria 2025ko mar. 15a, 15:53

Asteazkenean, martxoaren 19an bilduko da berriz Euskaraldia Usurbilen dinamizatzen ari den herritarren batzordea. Batzorde irekia da, euskaltzale orok parte hartzeko aukera du bertan.

Urte amaieratik lanean da Usurbilen laugarren Euskaraldia dinamizatuko duen herri batzordea. Azaroan egin zuten bilgunea osatzeko estreinako bilera eta hilabete amaieran Aginagako Eliza Zaharrean eginiko Euskararen Galan aurkeztu zuten jendaurrean. Gehiagotan ere bildu izan dira ordutik.

Antolaketa lanei segida emateko asteazkenerako, martxoaren 19rako bilera deitu dute, arratsaldeko 18:00etan Potxoenean. Bilkura irekia da eta euskaltzale orok har dezake parte prestaketa lan hauetan.


4. Euskaraldia
Noiz: 2025eko maiatzaren 15etik 25era.
Leloa: "Elkar mugituz egingo dugu".
Parte hartzeko moduak:
-Ahobizi: "Euskara ulertzen duten guztiekin euskaraz egiten dut uneoro. Kideek euskaraz ulertzen ote duten ez dakidanean lehen hitzak, beti, euskaraz egiten ditut; euskaraz ulertzen badute, euskaraz jarraitzen dut. Elkarrizketa elebidunetan ere euskarari eusten diot kideek ulertzen dutenean".
-Belarriprest: "Nire gaitasun eta aukeren arabera erabakitzen dut euskaraz noiz eta norekin egin. Agian beti ez dut euskaraz egingo ulertzen duten guztiekin, baina euskara dakitenek niri uneoro euskaraz hitz egitea nahi dut, eta horitxe eskatzen diet modu esplizituan".
-Entitateak: "ariketa modu erosoan egin ahal izatea eta euskararen erabilera handitzea izango da helburua; eta, horretarako, entitateei neurriak hartzea proposatuko zaie".
Oinarrizko egitekoak:

  1. INFORMATU. Belarriprest eta ahobizi rolen inguruko informazioa entitateko kideen artean zabaldu, eta izena ematera animatu, horretarako erraztasunak jarrita. 
  2. PRESTATU. Entitateek kideei euskararen erabilera sustatzeko prestakuntza eskaintzea aztertuko dute, horretarako baliabideak izango dituzte webgunean. 
  3. EUSKARALDIA IKUSGARRI EGIN. Izena ematen duen entitateak ariketa badatorrela ikusgarri egingo du: espazioak apainduz, ekintzak antolatuz, barne zein kanpo komunikazioan hartutako neurriak edo egingo diren ekintzak jakinaraziz…

Lanketa sakonagoa egin nahi duten entitateek:

  • Ariguneak sortu: euskaraz lasai aritzeko guneak.
  • Komunikazioak euskaraz egin: bilerak, mezuak eta bestelako komunikazioak euskaraz zabaldu.
  • Mintzodromoak antolatzea; entitate barruan lasai euskaraz hitz egin ahal izateko
  • Mintzatratuak adostea entitateko kideen artean
  • Hiztegi kutxa; entitatearen arloko euskarazko hiztegia ezagutu eta erabiltzeko
  • ….

Azken lanketa hauek egiteko, intraneteko sarbidea eta aholkularitza izango dituzte eskura entitateek. Izena emateko: https://euskaraldia.eus/entitateak/

Deialdiak:
Urriaz geroztik
Herrien eta entitateen izen ematea zabalik.

Martxoak 15
Belarriprestek eta ahobiziek izena emateko epealdiaren irekiera.

Maiatzak 15-25
4. Euskaraldia.

Informazio gehiago eta izena emateko: euskaraldia.eus