"Egun tristea da gaurkoa Usurbilgo herriarentzat"

Noaua Aldizkaria 2025ko mar. 16a, 13:50

Usurbilgo Udalak doluminak helarazi dizkie duela astebete, Osinalde industrialdeko ezbeharrean larriki zauritu eta azken orduotan hil den gaztearen senideei eta lagunei.

Martxoaren 8ko arratsaldean Osinalde industrialdeako Erribera kalean kokaturiko goi-tentsioko dorrera igo eta elektrokutatu ziren 11 eta 15 urteko bi gazte. Gazteena osasun egoera larrian zen ordutik, Barakaldoko Gurutzetako ospitalean. Lehen egun honetan egoera larrian baina egonkor bazen ere, okerrera egin eta azken orduotan hil dela jakinarazi dute.

Albiste honen berri jaso bezain laster, doluminak helarazi dizkie Usurbilgo Udalak zendutako gaztearen senideei eta lagunei. Ohar bidez berri eman dutenez, "egun tristea da gaurkoa Usurbilgo herriarentzat: nahi ez genuen albistea iritsi da, eta kolpe gogorra izan da, desgrazia izugarria". Horregatik, Usurbilgo alkate Agurtzane Solaberrieta Mesak adierazi duenez, "gure doluminak adierazi nahi dizkiogu bere familiari eta lagunei", Usurbilgo Udalaren izenean.

Horrez gain, duela astebeteko ezbeharra izan eta gutxira egin zuten moduan, mezu honen bidez ere alkateak gaineratu nahi izan du, "gertatu zenean bezalaxe, orain ere ezinbestekotzat jotzen dugu berriro halako ezbeharrik ez gertatzeko neurriak hartzea".

Horren harira, gogorarazi du, Ertzaintzak abian duela ikerketa gertatutakoa argitzeko eta "Udala hartu-eman etengabean da, elkarlanerako prest".