NOAUA! K.E., Euskaraldia eta Arrobitxulo hizpide izango dituzten bileren astea

Noaua Aldizkaria 2025ko mar. 17a, 13:10

Hainbat bilkura deitu dira estreinatu berri dugun aste honetarako; hiru zehazki.

Bidean datozen ekimenak antolatzen segitzeko, etorkizuneko egitasmoak definitzen jarraitzeko edota orain arteko bideari errepasatu eta aurrera begirako erronkei heltzeko. Helburu hauekin guztiekin eta gehiagorekin zenbait bilera deitu dituzte aste honetarako herri eragile ezberdinek.

Hasteko, NOAUA! Kultur Elkarteak bazkideen urteko bilkura deitu du astearte honetarako. Biharamunean, maiatzaren 15etik 25era egingo den laugarren Euskaraldia prestatzen jarraitzeko bilera irekia egingo da. Azkenik, hilaren 22an, etorkizunean Udarregi ikastola pareko zelaian kokatuko den Arrobitxulo elkargunearen proiektua definitzen joateko saioa deitu dute.

NOAUA! K.E.-ko bazkideen batzar nagusia
Kultur Elkarte honek bazkideen urteroko bilkura nagusia deitu du astearte honetarako, martxoaren 18rako. Lehen deialdia 17:30etarako finkatu du, 18:00etarako bigarrena, Potxoenean. Iazko balantzea egin edota aurrera begirako erronkei helduko diete saio horretan. Izan ere, gaiok hartuko dituzte ahotan:
1-2024ko memoria eta balantze ekonomikoa.
2-2025eko egitasmoak eta aurrekontuak.
3-Zuzendaritza Batzordearen osaketa eta onarpena.
4-Galderak eta erantzunak.

Euskaraldia antolatzen jarraitzeko bilkura
Maiatzaren 15etik 25era hizkuntza ohituretan eragingo duen ekimenaren laugarren edizioa prestatzen segitzeko bilera deitu du Euskaraldia dinamizatzen ari den herri batzordeak, asteazkenean, martxoaren 19an, arratsaldeko 18:00etan Potxoenean. Gogoan izan, entitateek izena emateko aukera dutela deialdi honetan. Larunbataz geroztik, bestalde, ahobizi eta belarriprest guztiek ere inskripzioak bideratzeko aukera dute baita. Horretarako izenematea.euskaraldia.eus atarian sartu eta bertan dagoen formularioa osatu beharko da. 

Arrobitxuloren bilera
Otsailaren 22an aurkeztu zuten Elkargunearen izena, marka edota proiektuaren beste hainbat zertzelada. Gogoan izan, Arrobitxulo izena izango du eta Udarregi ikastolako pareko zelaian kokatuko da. 2020tik hona bideratzen joandako egitasmo honen hurrengo erronketako bat kudeaketa-eredua definitzea izango da. Lanketa horri begirako bilera deitu dute larunbaterako, hilaren 22rako, 10:30etan Txirikordan.