Jakinmin Elkarteak eta Usurbilgo Oinherri Herri Hezitzailea Elkarteak azken urteotan hausnarketarako gune aske hau sustatzeko lanean dihardute Usurbilen, gaztetxo eta helduekin. Hurrengo saioa, ostiral honetarako, martxoaren 21erako iragarri dute, 18:30etan Potxoenean. Ordu eta erdikoa izatea aurreikusten duten hitzordurako gonbidapena aurrez eskura daiteke usurbilkultura.eus plataforman. 15 lagunentzako tokia egongo da saioan.
Saioen abiapuntua hitzorduok gidatzen dituenaren galdera bat izaten da eta hortik aurrera, bertan daudenek hitza hartu eta hausnarketarako bidea zabaltzen dute. Epaiketarik gabe, iritzi eta gogoeten elkartrukeari ekiten diote askatasun osoz saioa amaitu arte. "Pentsatzen ikastea garrantzitsuagoa da zer pentsatu behar dugun jakitea baino, eta hori da gure helburua: apurka-apurka pentsatzen ikastea, galderetatik abiatuz arrazoitzen eta argudiatzen saiatzea. Funtsean, filosofatu egiten dugu eta horretarako denok gara gai!", antolatzaileen esanetan.
Filosofatzearen onurak gogorarazi dituzte. "Filosofatzeak berarekin dakar pentsamendu kritikoa garatzea. Pentsamendu kritikoa beti uste izan duzun hori zalantzan jartzea da, eta beste zerbait pentsatzeko irekita egotea. Usurbilgo Oinherrik eta Jakinmin elkarteak haurrekin zein helduekin filosofatzen daramatza hiru urte. Arrakasta ikusirik aurten ere filosofatzen ibiliko gara! Bazatoz?", egin dute gonbita antolatzaileek.