Giro eguzkitsua izango omen dugu abiarazi berri dugun aste honen lehen egunetan, baina egun haizetsuak izango ditugula ohartarazten ari da Euskalmet meteorologia agentzia. Izan ere, abisu horia ezarri dute astearterako eta asteazkenerako, martxoaren 18rako eta 19rako hurrenez hurren.
Astearte iluntzeko 20:00etan hasi eta asteazken goizeko 9:00ak arte lehenik, eta asteazken iluntzeko 20:00etan hasita berriz ere abisu horian izango garela jakinarazi du Euskalmet-ek. Ordu tarte horietan, haizeguneak ez diren tokietan 80 kilometro ordutik gorako haize-boladak izan ditzakegu, "bereziki ekialdean", eta 100 kilometro ordutik gorakoak haizeguneetan, "bereziki ekialdeko mendi inguruetan".
Iragarpena
Gainerakoan, astelehen honetan, martxoaren 17an, Usurbilen "zerua tarteka hodeitsu egongo da; arratsaldean erdi mailako hodeiak eta goi-hodeiak ugaritu egingo dira. Hego-ekialdeko haizea ahul-bizi ibiliko da, eta egunaren erdiko orduetan indartu egingo da eta bolada gogorrekin ibiliko da. Tenperatura gutxi edo nahikoa igoko da, bereziki Kantauri isurialdean".
Asteartean, martxoaren 18an, Euskalmet-en arabera, "zerua hodeitsu egongo da, tarteka oso hodeitsu, erdi mailako hodeiak eta goi-hodeiak nagusituz. Zaparradak egin ditzake noizbehinka eta han-hemenka, bereziki ekialdean. Hego-ekialdeko haize bizia ibiliko da, tarte gogorrekin, eta bolada oso gogorrekin goizaldean, goizean goiz eta azken orduetan. Tenperatura minimoak nabarmen igoko dira. Tenperatura maximoetan aldaketarik ez".
Etzi, hilaren 19an, "erdi mailako hodeien eta goi-hodeien tarteak izango dira, bereziki azken orduetan. Hego-ekialdeko haize bizia ibiliko da, bolada gogorrekin, eta oso gogor batzuekin. Tenperatura gutxi edo nahikoa igoko da".
Informazio eguneratua euskalmet.eus bidez jaso ahalko duzue.