NOAUA! K.E.-ko bazkideen urteroko bilkura gaur

Noaua Aldizkaria 2025ko mar. 18a, 08:00

NOAUA! K.E.-k iazko balantzea egin nahiz aurrera begirako erronkak hizpide izango dituen bilkura deitu du gaurko.

NOAUA! Kultur Elkarteak bazkideen urteko bilkura deitu du astearte honetarako, martxoaren 18rako. Lehen deialdia 17:30etarako finkatu du, 18:00etarako bigarrena, Potxoenean. Iazko balantzea egin edota aurrera begirako erronkei helduko diete saio horretan. Izan ere, gaiok hartuko dituzte ahotan:
1-2024ko memoria eta balantze ekonomikoa.
2-2025eko egitasmoak eta aurrekontuak.
3-Zuzendaritza Batzordearen osaketa eta onarpena.
4-Galderak eta erantzunak.

Ez da aste honetarako deitua dagoen bilkurra bakarra:

Euskaraldia
Maiatzaren 15etik 25era hizkuntza ohituretan eragingo duen ekimenaren laugarren edizioa prestatzen segitzeko bilera deitu du Euskaraldia dinamizatzen ari den herri batzordeak, asteazkenean, martxoaren 19an, arratsaldeko 18:00etan Potxoenean. Gogoan izan, entitateek izena emateko aukera dutela deialdi honetan. Larunbataz geroztik, bestalde, ahobizi eta belarriprest guztiek ere inskripzioak bideratzeko aukera dute baita. Horretarako izenematea.euskaraldia.eus atarian sartu eta bertan dagoen formularioa osatu beharko da. 

Arrobitxulo
Otsailaren 22an aurkeztu zuten Elkargunearen izena, marka edota proiektuaren beste hainbat zertzelada. Gogoan izan, Arrobitxulo izena izango du eta Udarregi ikastolako pareko zelaian kokatuko da. 2020tik hona bideratzen joandako egitasmo honen hurrengo erronketako bat kudeaketa-eredua definitzea izango da. Lanketa horri begirako bilera deitu dute larunbaterako, hilaren 22rako, 10:30etan Txirikordan.