650 Usurbil Bizi

Datozenak, sagardoaren kulturan barneratu eta elizako ondarea ezagutzeko bisita gidatuak

Noaua Aldizkaria 2025ko mar. 18a, 09:29

Bi bisita gidatu programatu dira 650 Usurbil Bizi herri egitasmoaren baitan, asteburu honetarako.

Bueltan dira 650 Usurbil Bizi herri egitasmoko bisita gidatuak. Datozenak astebururako iragarriak daude; larunbaterako, martxoaren 22rako, Salbatore elizako ondarea ezagutzeko aukera izango da; "Salbatore elizan jarriko da arreta bisita gidatu honetan. Elizaren historia eta bere kultur ondarea ezagutzeko aukera egongo da, besteak beste, Cavaillé-Coll/Mutin organoa (1907/1920) eta erloju entzutetsuak".

Biharamunean, hilaren 23an, bestalde, sagardoaren kulturan barneratzeko aukera izango duzue. Duela hilabete egin zen, estreinakoz, Egiluze baserrirainoko bidea oinez. Hango sagardo ekoizpena ezagutu eta bueltan Saizar sagardotegian geldialdia egin zuten baita, edari hau nola ekoizten duten ezagutu eta ekoitzitakoa dastatzeko. Oraingoan ere, "sagastietan barrena ibiltzen garen bitartean Usurbilgo sagardo kultura ezagutuko dugu. Geldialdi berezia izango dugu, gainera, Egiluze baserriko tolarea ikusiko dugu. Bisitaren bukaeran sagardoa dastatuko dugu".

Segidan duzue, apirilera bitarte, 650 Usurbil Bizi herri egitasmotik iragarritako txangoen berri. Bisita gidatuetarako 650 Usurbil Bizi aplikazioa ere deskarga dezakezue, herrian zehar dauden QR kodeen bidez noiznahi osateko ibilbideok.

650 Usurbil Bizi, bisita gidatuak
Martxoak 22, larunbata
11:00-12:15 Salbatore Elizaren ondarea ezagutzeko bisita gidatua.

Martxoak 23, igandea
10:00-13:00 Usurbilgo Sagardo Kultura ezagutzeko bisita gidatua.

Martxoak 26, asteazkena
10:00-11:00 Zero Zabor bisita gidatua.

Martxoak 28, ostirala
10:00-11:15 Zaintzaren Usurbil bisita gidatua.

Apirilak 5, larunbata
11:00-12:15 Museo irekia bisita gidatua.

Apirilak 18, ostirala
11:00-12:15 Museo irekia bisita gidatua (erdaraz).

Apirilak 19, larunbata
11:00-12:30 Salbatore Elizaren ondarea ezagutzeko bisita gidatua eta organo erakustaldia (erdaraz).

Apirilak 25, ostirala
10:00-11:15 Zaintzaren Usurbil bisita gidatua.

Apirilak 26, igandea
10:30-13:30 Bertso-ibilaldia Aginagan: "sagardoa eta errioa, gure historia".

Apirilak 30, asteazkena
10:00-11:00 Zero Zabor bisita gidatua.

Informazio gehiago eta izen-ematea: 650usurbilbizi.eus