Haizeagatik abisu horian segiko dugu egunotan

Noaua Aldizkaria 2025eko martxoaren 19a

Astearte iluntzeaz geroztik abisu horian gara haizeagatik eta hala segiko dugu datozen egunotan ere.

Usurbildik gertuen, Euskalmet meteorologia agentziak Lasarte-Orian duen estazioan 60 kilometro ordutik gorako haize-boladak neurtu ditu asteazken goizalde honetan. Izan ere, atzo iluntzeaz geroztik abisu horian gara haizeagatik eta hala jarraituko dugu egunotan ere.

Asteazken goizeko 9:00etan bertan behera geratuko den abisua berriz indarrean jarriko dute gaur iluntzean, 20:00etan hasi eta ostegun eguerdiko 12:00ak arte eta ostegun iluntzeko 21:00etan berriz aktibatuko dute. Haizeguneetan 100 kilometo ordutik gorako haize-boladak izan ditzakegu gaur gauean, "bereziki ekialdeko mendi inguruetan" eta 80 kilometro ordutik gorakoak haizeguneak ez diren tokietan, "bereziki ekialdean" (90 kilometro ordutik gorakoak ostegun goizaldean). Egunotan, gainera, baso-sute arriskuagatik ere abisu horiak indarrean segiko du. "Baso-sute arriskua nahiko altua da, hego-osagaiko haizearen intentsitateagatik", ohartarazi du Euskalmet-ek.

Egunotarako iragarpena
Gainerakoan, asteazken honetan, martxoaren 19an, Usurbilen, giro eguzkitsua izango dugula dio aipatu meteorologia agentziaren iragarpenak. "Giro eguzkitsua, goi-hodei batzuekin. Hegoaldeko edo hego-ekialdeko haizea zakar ibiliko da, bolada oso gogorrekin. Tenperatura nahikoa igoko da".

Ostegunean, hilaren 20an, "zerua hodeitsu edo oso hodeitsu egongo da, arratsalde-gau partean euria egin dezake. Hego-haizea gogor ibiliko da. Tenperatura gutxi edo nahikoa igoko da".

Ostiralean, hilaren 21ean, "zerua tarteka hodeitsu egongo da eta noizbehinka zaparrada txikiak egingo ditu. Hego-haizea ibiliko da, bolada oso gogorrekin. Tenperaturan aldaketarik ez edo gutxi jaitsiko da".

Informazio eguneratua euskalmet.eus bidez jaso ahalko da.