Beste behin ere "nahikoa dela!" adierazi nahi izan dute ohar bidez, Donostiako Udalek Prebentzio, Su Itzalketa eta Salbamendu Zerbitzua (SPEIS) osatzen duten langileen kolektiboak. Gipuzkoako hiriburuko udalak jardunean izateko hamalau suhiltzaileen gutxienekoa ez duela betetzen salatu dute. "Egun batzuetan hamaika suhiltzaile baino ez daude 265.000 biztanleko hiriburu gunea betetzeko", jakinarazi dute ohar bidez, nahiz bestelakorik dagoen idatzia. "Paperean gutxienez, hamalau suhiltzaile egongo direla idatzi duten arren (hori da irteera handi bakar baterako prozedura operatiboak betetzeko behar den gutxienekoa), ez dituzte behar hori betetzeko tresnak ezarri", azaldu dute.
Horrek eragina du bistan denez, hiriburuan bertan baina baita inguruko udalerriotan ere, tartean, Usurbilen. Aipatu langileen kolektibotik azaldu dutenez, "oraindik ez dugu plantilla handitu Donostialdean (Pasaia, Hernani, Usurbil, Urnieta, Lasarte eta Astigarraga) hiriburuarentzako dakarren arrisku eta segurtasun faltarekin, askotan baliabide guztiak udalerri horietan zerbitzuak ematen ari baitira".
Testuinguru honetan, "borondate politikoa" izatea galdegin dute, "beste gai batzuetarako dagoen bezala, zerbitzu hau modernizatzeko, segurtasun-baldintzetan lan egiteko plantilla nahikoa izatea eta herritarrek ordaintzen dituen zergen araberako erantzuna jaso ahal izatea".
Mobilizatuak
Egoera honen aurrean, mobilizazioak abiarazi dituzte. Egunero, goizez zein arratsaldez, "brigada bakoitzeko suhiltzaileek elkarretaratzea egingo dute parkean". Horrez gain, Donostia inguratzen duten udalerrietako, hau da, Usurbilgo, Lasarteko, Hernaniko, Urnietako, Astigarragako eta Pasaiako alkateei "premiazko bilera bat eskatuko diegu" iragarri dutenez, "beren herrietan estaldura ematen duen larrialdi-zerbitzuaren egoera larriaren berri emateko".
Horrez gain, Lan Ikuskaritzara joko dutela iragarri dute, "zein arrisku egoeratan gauden" salatzeko, "gure lana segurtasunez egiteko behar diren gutxienekoak ez betetzeagatik". Azkenik, herritarrak ere sentsibilizatu asmo dituzte. "Gure zerbitzuan baliabiderik ez izateak dakartzan arriskuen berri emango diegu", iragarri dute.
Urtebetetik gorako negoziazio prozesua
Gogorarazi dutenez, duela urte eta erdi ekin zieten mobilizazioei, 2023ko abuztuan hain zuzen, urteotan bizi izandako "egoera prekarioa publikoki salatzeko". Ordutik hona izandako bilakaera azaldu dute. "Gutxieneko behar batzuk ezarri ziren egoera leheneratu ahal izateko, guztiak zerbitzuaren lan-baldintzekin lotuta".
Zehaztu dutenez, hainbat jarraibide egonkortzea lortu da, "hala nola, lanerako mahai iraunkor bat, inbertsioetarako eta prestakuntzarako urteko aurrekontu finkoa, egutegiaren lehen eranskina egutegiaren lan-baldintzak arautzeko".
Baina ez da aski, kolektibo honen esanetan. Egunotan gogora ekarri duten moduan, "ez da ezarri brigada bakoitzeko eguneko gutxieneko hamalau suhiltzaile batzeko konpromisoa".
Oroitarazi dutenez, "otsailaren 26an, sindikatuen azken negoziazio-mahaia izan genuen Udalarekin, gai-zerrenda bakar batekin: SPEISen prestasuna, txandakotasuna eta hainbat lan-baldintza negoziatzea", hamalau suhiltzaileko gutxieneko horretara heltzeko. Saio horretan, "pertsonak kudeatzeko zuzendariak, zinegotziarekin batera" aurkezturiko proposamena zentzugabetzat jo dute langileok "eta pazientzia handia duen kolektiboarekiko errespetu falta gisa baino ez dugu ulertzen, inolako errefortzurik gabeko plantilla falta ordezkatzen ari baitira".
Urtebetetik gorako negoziazio prozesuan aurrerapausorik ez dela eman adierazi dute. "Legeak agintzen duena inbertsioetarako erabiltzea onartu dute, baina oraindik ez dugu plantilla handitu behar; beraz, gabezia hori langileen ahaleginarekin betetzen ari da".
Funtsezko eskaerak
Testuinguru horretan, oraindik egiteko asko dagoela jakinarazi dute: "brigadetan eta operadoreetan plantilla handitzea, Donostialdearen behar operatiboei aurre egiteko; "Plangintza eta Babes Zibileko plantilla handitzea; "tailer mekanikoa eta mantenimendu arloko plantilla handitzea; Euskadiko SPEIS lege berriaren egokitzapena; sarjentu, kabo eta suhiltzaileentzako LEPak martxan jartzea; "hurrengo lau urteetarako lehentasunak eta hobekuntzak markatuko dituen estrategia- eta komunikazio-plana lantzea; edota parkea handitzea.
Funtsezkotzat jotzen dute langileok "Donostiako Udal Gobernuak behingoz onartzea langileen lan-baldintzak larrialdietako zerbitzu publiko gisa behar duena izatea, Donostiako eta Donostialdeko herritarrek eskatzen dioten kalitatea lortzeko".