Apirilaren 5ean

Orbeldik herria dantzan jarriko duen egunerako eskaintza aurkeztu du

Noaua Aldizkaria 2025ko mar. 19a, 11:11

Ikuskizun, kalejira eta erromeriaz girotua datorkigu apirilaren 5erako iragarri duten 13. Dantza Eguna.

Herria dantzan batera jartzera dator Orbeldi hamahirugarrenez. Apirileko lehen larunbatean izango da aurten, hilaren 5ean. Egun osorako jaialdia iragarri du herriko dantza taldeak; herritarren parte hartze zuzena sustatuko duena. Izan ere, ikusi eta entzun ahalko diren zenbait emanaldi iragarri dituzte; egunari ekiteko, lehenbizi, Dantzari Txiki ekimenaren seigarren edizioko kalejira eta jendaurreko erakustaldia eskainiko dute herriko dantzariek, hitzordura gonbidaturiko Zarauzko Jalgi eta Lezoko Murixka taldeekin batera.

Helduek hartuko dute haien lekukoa gauean, urtero moduan, herri sorkuntzaren erreferentziazko hitzorduarekin. Izan ere, azken hilabeteotan ondutako emanaldia aurkeztuko du Orbeldik; "Amets" izena du, 2025eko edizioan plazaratuko dutenak.

Ikuskizun horren aurretik eta haren ostean, indarra ahitu arte dantzan aritzeko aukera aparta izango da, erromeria giro beteko edizioa prestatu baitu Orbeldik aurtengorako. Hala, arratsaldean, Ostolaza eta Larrañaga trikitilariak arituko dira dantza giroa pizten Artzabalen. Gauean, Laket taldearekin segi ahalko da erromerian.


Usurbilgo 13. Dantza Eguna
Apirilak 5, larunbata
Goizean, 6. Dantzari Txiki: Jalgi eta Murixka talden gonbidatuekin:
11:30 Haurren kalejira udaletxetik.
13:00 Haurren emanaldia frontoian.

14:30 Herri bazkaria Askatasuna plazan.
17:00 Ostolaza eta Larrañaga trikitilariak Artzabalen.
22:00 "Amets" ikuskizuna frontoian.
Ondoren, Laket erromeria Mikel Laboa plazan.

Antolatzailea: Orbeldi dantza taldea.