Usurbil harrera herri bilakatzeko bidean, beste urrats bat eman du Usurbilgo Udalak. Izan ere, atzerritartasun gaietarako doako aholkularitza eskaintzen hasi da. Hilean behin eskainiko du aurrerantzean, lehen ostiraletan, 15:00-19:00 artean. Zerbitzu hau baliatu nahi dutenek aurrez hitzordua eskatu beharko dute udal Aniztasun Sailaren bidez: adiaz@usurbil.eus helbidean edo 943 377 112 telefono zenbakian.
Udalarekin sinatua duen hitzarmenaren baitan, zereginotan hiru hamarkada baino gehiago daraman gobernuz kanpoko erakunde SOS Arrazakeria arduratuko da, haren ordezkari Mikel Mazkiaran.
Zerbitzu hau martxan jartzeko beharra ikusi du Udalak, hala jaso izan dutelako abian duten harrera zerbitzutik nahiz sorterri ezberdinetako herrikideak biltzen dituen Aniztasun Kontseilutik ere. Batean zein bestean, "behin eta berriz ateratzen zen, gaur egun, zer nolako zailtasunak dituzten egunerokoan euren egoerak erregularizatzeko, familiak batzeko, ikasketak homologatzeko, baimenak berritzeko...", Usurbilgo alkate Agurtzane Solaberrieta Mesaren esanetan. Tramite horietan guztietan, "atzerritartasun legea bera da oztopo integrazio prozesu horretan". Testuinguruok sortutako ziurgabetasun eta zaurgarritasun egoerak tarteko, batetik, eta, bestalde, egun eskaintzen diren aholkularitza zein laguntza juridikoa eskaintzen dituzten zerbitzuak "nahiko saturatuak badaudela" ikusita, Usurbilen bertan eskaintzen hastea erabaki du Udalak SOS Arrazakeria gobernuz kanpoko erakundearen bidez.
Eusko Jaurlaritzak sustaturiko gisa honetako zerbitzuen saretik kanpo egongo da Usurbilgoa, baina, halere, "beharrezkoa ikusten genuen herrian ere horrelako zerbitzu bat martxan jartzea".
Aholkularitza pertsonalizatua
SOS Arrazkeria GKE-ko ordezkari Mikel Mazkiaranen esanetan, sarritan gure artera bizitzera datozenen egoera erregularizatzeko prozesuak eragindako zalantzak argitu edota galderak erantzuten aritzen dira sarritan aholkularitza juridiko honen bidez. Baina berak gogorarazi moduan, Usurbilek harrera zerbitzu integrala eskaini nahi duenez eta SOS Arrazakeriaren jarduera eremua zein den aintzakotzat hartuta, hortik haratagoko zerbitzua eskaini asmo dute. "Beste arlo batzuk ere artatuko ditu", iragarri du. Esaterako, "lanarekin zerikusia duen aholkularitzaz edota norbaitek diskriminazio ekintza bat salatu nahi badu", horretarako ere erabili ahalko du doako udal zerbitzu berri hau.
Berak azaldu bezalaxe, aholkularitza desberdina da pertsona bakoitzaren egoera eta testuinguruaren arabera. "Atzerritartasuna dago lotuta hainbat gaiekin. Zenbat denbora daraman hemen pertsona batek, horren arabera, hasieran erregularizatu beharko du bere egoera, gero dator nola ekarri familia bere sorterritik... Norberaren bizi proiektua nola dagoen bideratuta, aholkularitza desberdina izaten da".
Eredu integrala
Aipatu moduan, Usurbil harrera herri bilakatzeko bidean, Udalak abiarazitako beste zerbitzu bat da. Honi aurretik, norabide horretan aurkeztuak eta martxan jarriak dituen beste hainbat proiektu batu behar zaizkio. Izan ere, martxoaren 7ko agerraldian berri eman zuten moduan, harrera zerbitzu bat martxan dute udalerri honetara bizitzera datorrenarentzat, baliabideen gida ere badute eta Usurbilen bizitako herrikide bat hona bizitzera etorritako beste batekin hartuemanetan jartzen duen HarEman egitasmoa. Proiektu guztiok helburu bera dute, "gure herrira bizitzera datozen pertsonei Usurbilgo komunitatean integratzen laguntzea".
Izan ere, "geroz eta gehiago dira gure herrira munduko herrialde ezberdinetatik datozen pertsonak eta, ondorioz, jatorri aniztasuna kudeatzeko eredu propio bat sortzen ari gara, eredu integral, parte hartzailea eta inklusiboa eta batez ere, arrazakeriaren aurkakoa izan nahi duen eredu bat".
Integrazio prozesu horren lehen fasea dute lehentasun, egun, harrera prozesua. "Harrera bada komunitate batera iristen diren pertsonen akonpainamendua, herritar berritzat aitortzeaz gain, euren eskubideak eta betebeharrak ere modu efektiboan eskuratu eta gauzatu ditzaten", alkatearen esanetan. Horregatik, ezinbestekoa dela dio "ingurune instituzional, sozial eta administratibo berria ezagutzera emateko baliabide ezberdinak eta zerbitzu espezifikoak martxan jarri ahal izatea".